UNIBERTSITATEA-LANA BINOMIOA
Ninok gogoko du argazkilaritza. Denok dakizuen bezala, bere hobbyrik gogokoena fotomatoietan jendeak uzten dituen gaizki ateratako argazkiak batu eta albumak egitea da.
Ninok gogoko du unibertsitatera joatea eta ilusio handiz hartu zuen Fotokazetaritza ikasgaia. Dakizuen bezala baina, Ninok ez dauka unibertsitateko matrikula ordaintzen dion gurasorik eta ondorioz, bideoklub porno batean eta "izuaren tunelean" lan egiten du bere ikasketak ordaintzeko. Zoritxarrez, egunak 24 ordu baino ez eta Fotokazetaritza klase batzuetara huts egin behar izan du Ninok, dirurik gabe ez baitago ikasgairik.
Denbora asko eraman dion arren, Ninok azkenean burutu du irakasleak eskatzen duen lan praktiko mardula. Berak egiten dituen moduko album horietako bat, baina manifestazioak, futbol partidak, modeloak erretratatuz betetakoa. Konposizioari buruz asko ikasi du Ninok lan horrekin eta pozik dago.
Eta azkenean, iritsi da azterketa eguna. Gustora atera da Nino azterketa teorikotik, lauhilabete osoan ikasi duten teoria azterketan nahiko txukun adierazi duela iruditzen baitzaio.
Sorpresa baina, Photoshop programaren gaineko azterketatxoan etorri da. Zortzi bat ikaskide izan dira klasean ariketak egin ez eta azterketa hori egin behar izan dutenak. Klasera joan ahal izan dutenek irakasleak pausoz pauso esanez egin dituzten ariketak egin behar izan dituztenak.10 ariketa, denak ondo egin beharrekoak. Inork ez ditu baina denak ondo egin. Ondorioa, "datorren urtean ikusiko gara".
Dakizuen bezala, Nino mutiko lasaia, otzana da. Gaur, esango nuke baina, zertxobait haserretu dela. Batez ere, irakasleak zera esan dionean: "albuma eta teoria oso ondo badaude gordeko dizut horien nota datorren urterako". Eta are gehiago lasai bota duenean"eske klasera datozenei erraztasun asko ematen diet".
Ninok pentsatu du bere barnerako: "eskerrak fabore bat egiten didan eta berriz hainbeste ordu eta 100 bat euro kostatu zaidan albuma berriz egin behar ez dudan". Eta galdera bat geratu zaio buruan bueltaka: "Klase horietara joan beharrean kafetegiko mus txapelketan parte hartzen izan ote naiz ba?"
Iruzkinak
Utzi iruzkina: