Teknologien zurrunbiloan

mendianlarreartean 1456151361991 MeNdiAn LaRrE aRtEaN | 2006-10-27 22:54
1

Azkenaldian, armiarmak bezalaxe bizi gara internet sarean. Dagoeneko irentsi gaitu pantailaren gizarteak. Teknologia berrien munduan bizi gara; teknologia aurreratuen munduan, zehazkiago. Ordenagailuren bat edota mugikorren bat erosi orduko, zaharkitu egiten da. "Gazte" jubilatzen dira. Azken finean, horixe da enpresei interesatzen zaiena.

Egunetik egunera, geroz eta arrotzagoak zaizkigun kontzeptu eta baliabide berriak azaltzen zaizkigu. Oraintsu entzun dut neuk lehendabizikoz Web 2.0 kontzeptua. Badirudi, azken urtean, armiarma sarean galduta ibili naizela. Interneten gertatzen ari diren aldaketen erreferente nagusietako bat da kontzeptuaren sortzailea, Tim O´Reilly. Eta ni, oraingoan ere, ilargira begira. Tipoa nor den ere ez nekien eta! Berriako artikulu batean irakurri berri dut nor den O´Reilly eta zer den Web 2.0. Gaitzerdi, oraindik zurrunbiloan sartzeko garaiz nabilela uste dut.

Nik lortu dut treneko azken bagoira salto egitea, baina, garapen bidean dauden herrialdeek nola lortuko dute inoiz gelditzen ez den trenera igotzea? Zubia eraikiko da ala amildegia handituko da aberats eta txiroen artean? O´Reilly-k badu bere erantzuna: "aukera handiagoak sortu dira hirugarren munduan eta hein handi batean Interneti esker izan da. Nire ustez, tarte digitala gero eta txikiagoa egiten ari da, ez handiagoa". Duda muda egiten dut garapen bidean dauden herrialdeei ateak parez pare ireki zaizkiela. Ez dut ukatzen eguzki izpiak ikusten hasiak direnik, baina eguzki osoa ikusteko euri asko egin behar du oraindik. Ezinezkoa da baliabide berdinak ez dituzten bi herrialde alderatzea. Gure gizartean modan dago ordenagailua, sakelako telefonoa edota agenda elektronikoa izatea. Ez duena out dago; historiaurrekoa dela iruditzen zaigu. Garapen bidean dauden herrialdeko jendearentzat, aldiz, luxua da ordenagailu bat etxean izatea. Hala ere, ez naiz ausartzen dena zuria edo dena beltza den esatera; frogak behar dira horretarako, datuak.

Egia da interneti esker gauzak asko aldatu direla. Interneten dauden aplikazioak gero eta indartsuagoak dira. Egun posible da itsasoaren bestaldean dagoen lagun batekin harremanetan jartzea. Erosketak ere internet bidez egin daitezke. Baina zein izango da hizkuntza gutxituek etorkizunean interneten izango duten tokia? Zaila da galdera horri erantzutea. Inork ezin du etorkizuna aurreikusi. Hala ere, euskara bultzatzeko aukera polita izan daiteke internet. Izan ere, gero eta gehiago dira euskaraz kaleratzen diren baliabideak. Nolanahi ere, kontuan izan behar dugu euskaldunok garela geure buruaren, nortasunaren eta kulturaren jabe. "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik". Euskara badabil ahotan, biziko da urte askotan.

Joxe Aranzabal

Joxe Aranzabal 2006-11-13 13:01 #1

Zorionez, ez duzu tren hau huts egin, eta gai zara, gainera, hausnarketa interesgarriak egiteko.<br />


Utzi iruzkina: