Iriyarena
Euskal Y-ren iragarki bat utzi didate gaur postontzian. Publizitate instituzionala omen. Noren kontura, ordea, argi dago: euskaldun guztien kontura, jakina. Euskaldun guztioi interesatzen zaigulakoan. Bada, nik hainbat zalantza daukat.
Umeei ez zaie axola, ez baitakite ezta trena zer den. Eta jakitekotan, nondik nora joan daitekeen eta nola mugitzen den ez lukete jakingo.
Nerabeek euren burmuinei arreta pizten dieten gauzak baino ez dituzte buruan. Trena zer den badakite, baina albistegiak ikusten ez dituztenez, Euskal Y-a zer den esan diezagutela nahiko bagenu, jai izango genuke. Eta neraberen bat jakinaren gainean balego, ziur ez duela berak eraikitako iritzia, hau da, beste batzuen ideiak xurgatuko zituela.
Unibertsitatean eta lehen lan-urteetan dabiltzanek entzungo zuten zen den, zer prozedura erabili den ingeniaritza-lan erraldoi hau diseinatzeko, zer jokabide izan duen Eusko Jaurlaritzak hainbat nekazarirekin... Baina beste guda baterako ari dira hauek prestatzen. Hain etsaia boteretsua da eta, hori gutxi balitz, inork ez du inoiz etsai hori ikusi: etorkizunaz ari naiz. Aurka ala alde egon, haiek formakuntza jaso beharra daukate, ikasketak bukatu behar dituzte, nagusiak esaten diena bete behar dute. Eta Euskal Y-ak lantegira goizago iristen laguntzen badu, onar dezatela.
Lan munduan guztiz murgilduta daudenek, hipotekaren bati aurre egin behar diotenek beste guda batean dihardute: fakturen aurka egiten ari dira hauek. Abertzaleak direla? Ezkertiarrak direla? Eskuindarrak direla? Espainolak direla? Horrek ez du garrantzirik. Ahotsa nahi adina altxa dezakegu lasai asko, baina lasai asko ere aipatutako fakturak etorriko zaizkigu.
Helduek politika egitasmoak aurrera ateratzen dituzte. Haiei esker munduak aurrera egiten du. Heldu guztiei esker? Ez dakit nik. Fakturei aurre egin behar ez dietenei esker bakarrik esango nuke nik. Eta horiek zeintzuk diren ondotxo dakigu. Betikoak. Beraz, Euskal Y-a betikoei interesatzen zaie, ez beste inori.
Behin azpiegitura osoa eraikita, ziur orain ezetz dioen batek baino gehiagok trena hartuko duela. Baliteke nik ere hartzea. Zertarako idazten duk orduan? Niri eta zuei pentsarazteko. Besterik gabe.
Ohitura mozorro duen pagotxa
Kontsumo irrazionalaren aurka egingo dut beti. Edozein kontsumo irrazional motaren aurka. Multzo horretan euskal ohitura sakratu bat sartu beharra daukat. Eta aitor dezadan aldez aurretik sagardoa maite dudala eta kritikatuko dudana nik ere bitan egin dudala. Horregatik, ezagutzen dudalako, iritzia eman dezakedalakoan nago. Ezagutuko ez banu, ez nuke ezer esango.
Txotx-ari buruz ari naiz. Sagardoa oso ona omen da, naturala, freskoa, eta konpainia egokiarekin hartuta ezinhobea. Baina sagardoa urte osoan zehar salgai dago, eta noiznahi har zenezake xerratzar bat idi Zer esanik ez arrautz-opilak edo makailaua. Zergatik, ordea, joaten da hainbat euskaldun baserri edo eraikuntza xume batera etxean lasai asko eta askoz merkeago disfrutatuko lituzkeen produktu batzuen bila? Erantzuna zein den ez dakit. Zinez. Parranda mundial bat botatzearren bada, sentitzen dut baina horri dirua xahutzea deritzot. Sagardozalea denak, sagardoa egunero dastatzen du, ez sukaldari batek edo pertsonaia ospetsu batek “Gure sagardo berria” hitzak ahoskatu dituelako. Sagardoaren ekoizpena oso lotuta izan da euskal usadioarekin, baina ez Euskal Herri osoan. Astigarragan, Hernanin, Tolosan beharbada, baina Tuteran edo Agurainen ez dakit nik. Hedarazi nahi izan duten ohitura da sagardoarena eta sagardotegiena. Ez da, nire ustez, parranda guztien ama ezta munduko edaririk onenaren festa ere. Ohitura mozorroa daraman pagotxa besterik ez delakoan nago.
Dena den, ez diot sagardoa edateari utziko. Ezta euskalduna izateari utziko ere, jakina.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: