Hainbat nahiari buruz
Hainbat korronte pskilogikoren aburuz lanean dugun giroak emaitzak baldintzatzen ditu. Horrekin bat nator, baina beti bezala, psikologoek esan arte ez da egitzat jo (ez badakizue, psikologoez dudan iritzia ez da onena, baina bazter dezagun hori). Lana, lantokiaren tamainaren arabera, infernu edo zeru bilaka daiteke, lankideengatik batez ere.
Giro ona baldin badago, errazago egiten da lan, harremanek giroa eta komunikazioa lausotzen dituztelako. Baina lankideekin gaizki moldatuz gero, lana gorrotatzera hel gintezke. Pertsona oso kontuan izaten den honetan, lanak gure bizitzaren zati oso garratzitsua izan beharra dauka, gure nortasuna eta izaera garatu beharra dauka. Duela berrehun urte ez zen horrela, jateko besterik ez genuen lanik egiten. Orain garapen pertsonal osoa lortzeko da. Ez dakit lerdenegi bihurtu garen edo zer, baina lana beti izango da lana, hau da, besteentzat egingo dugu lan jana lortu ahal izateko. Gure gainetik norbait izango da beti.
Gaitik desbideratu naiz. Buelta gaitezen, beraz.
Lantokia neskez beteta badago eta mutila bazara, jai daukazu, zeren “haren”-ena filmetan bakarrik gertatzen da. Kontrako egoeran bazeunde, ordea, gauzak guztiz kontrakoak izango lirateke, hau da, seguruenik mutilen begikoa zinateke, eta inork ez lizuke deus inoiz ez aurpegiratuko. Kontuz, horrekin ez dut esan nahi neskak lankide txarrak direnik, baina nik uste dut askoz zailagoa dela mutil batentzat nesken giroan sartzea kontrako egoera baino. Bai, ikuspuntu matxista dela esan diezadakezue, baina esandakoa da ni egunero baieztatzen ari naizena. Beharbada ez naiz oso soziala, beharbada (psikologoek esango luketeen antzera) nire konplexuek balditzatzen naute. Ez dakit, baina nik lantokian lan egin nahi dut, eta noizean behin, afaritxo bat, baina ez gabonak iritsi direlako edota norbaitek lana aldatu duelako, zurikeriarik ez, mesedez.
Beste gai ezberdin bati ekingo diot oraingoan. Bidaiei, hain zuzen ere.
Enpreseen arteko lehiakortasuna zabaldu denetik oso erraza da merke bidaiatzea. Kontua da Interneten bilatzea edo bidai-agentziaz bidai-agentzia joatea, besterik ez duzu. Orain dela egun gutxi albistegiek Bilbotik Pariseraino 20 euro ordainduta joatea zegoela zabaldu zuten (eta publizitatea ez dela esango dute, hara bestea). Kontuak kontu, urte gutxi batzuetan munduak egundoko aldaketa pairatu du. Duela 50 urte jendeak (arruntena, langileak etabar, zeren beti egon dira dirudunak) ez zuen horrenbeste bidaiatzerik, ez zegoen ez horrenbeste aukera ezta horrenbeste lotura sozial gutxi ere. Lehen pobrezia askoz okerrago zegoen banatuta (oraindik ere ez dago ondo banatuta, baina...) eta herritik ateratzea (ez beharrak aginduta, noski) taxuzko bidaiatzat hartzen zen. Orain, kasu batzuetan, ia ez dugu etxea ezta bazkaltzeko ere zapaltzen, bakarrik lo egiteko eta kitto, eguna bukatuta. Mugikortasuna biderkatu egin da, ingurumenarekiko horrek dakartzan kalteekin, baina beste kultura batzuk eta beste mundu batzuk ikustea ahalegindu du. Kabiatik ateratzen lagundu digu egoera berri horrek, baita globalizazioa sustatzen ere. Alde batetik ezagutza sustatu da, baina garraio-konpainia handien diru-zorroa bete ere bai.
Eta zergatik bidaiatu? Bidaiarik gabeko oporrek dagoeneko ez dirudite oporrak. Aisialdia zer den ez dakigulako izango da hori, nire uste apalean. Denbora librea zer den ondotxo dakigu, baina aipatutako denbora hori sozialki eta indibidualki hazteko ez dakigu erabiltzen.
Geografia jakitea beharrezkoa da, nor gauden jakiteko, baina geografia zaletasun bihurtuko bagenu bidaia zentzuzkoagoak egingo genituzke, eta ez Benidormera edota Saloura joan beste nonbaitera joaterik ez dugulako. Arren.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: