Maiatzak 15, Iruñan: Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidearen alde
Legegintzaldia hasi berria zela Gobernuak Euskarabidea sortu zuen, euskararen hizkuntza politika aldekoagoa eginen zuela irudikatu nahian. Euskararen alde lanean dihardugun agente guztiok, aldez edo moldez harremana eduki dugu alderdi politiko guzti-guztiekin. Esaterako, Topagunekook, azken bi urteetan hogei bilera baino gehiago egin ditugu guztiekin. Behin eta berriz joan gara jarrera ezin eraikitzaileagoarekin: goazen gure lana eskaintzera, goazen gure proposamenak egitera, goazen negoziatzera... herri ekimena eta administrazioa elkarlanean aritzearen aldekoak gara eta.
Denbora pasa ahala, Gobernuaren jokaera agerian geratu da: Euskarabidea sortzea distrazio maniobra izan zen, betikoan segitzeko: euskaldunoi egurra. Jakina, amorrua metatzen joan da denbora honetan guztietan.
Manifestazioa, besteak beste, honetarako antolatu dugu: Gobernuari eta sostengatzen dutenei, aski dela adierazteko; asko garela orain eta etorkizunean Nafarroan euskaraz bizi nahi dugunak erakusteko; euskaldunon kontra hartzen dituzten erabakiekin gure amorrua kanporatzeko; bat egiten dakigula eta antolakuntzarako gaitasuna dugula frogatzeko; eta, noski, alderdi politiko eta bestelako eragileen agendan eragiteko. Izan ere, Parlamentuan eta udaletan onartzen dira lege, arau eta aurrekontuak. Premiazkoa da berdintasunera eramango gaituzten legeak onartzea eta euskara sustatzeko baliabide ekonomiko nahikoak jartzea. Horren alde lehentasunez lan egitea eskatzen diet euskaren alde daudela dioten alderdiei, beharko dituzten aliatuekin negoziatu beharreko guztia negoziatu dezaten.
Izan ere, aniztasuna eta pluralismoaren kontrako diskriminazioa da, nafar herritarrek euskararen garapenaren alde egiten dugunean maizegi pairatzen duguna. Zer da bestela, Artaxonako gurasoek pairatzen dutena beren seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi dutenean?
Pertsonon eskubideez ari gara, politikaren aurretik dauden eskubideez. Pertsonak gara betebeharrak eta eskubideak ditugunak, pertsonak gara diskriminazioa jasotzen dugunak. Nafarrak gara betebehar berdinak izanik, Leitzan espainola ikasteko betebeharra dugunok, eta Mendigorrian euskaraz ikasteko eskubidea ez dugunok.
Gutxieneko sentsibilitate kulturala izatea eta eskubide berdintasunean sinestea, hori da deialdiarekin bat egiteko nahikoa arrazoi. Gonbidatuta zaude.
Nafarroako Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren arduraduna da
Iruzkinak
markel 2010-04-27 23:37 #1
Utzi iruzkina: