«Euskararen alor bakar bat ere ez du zaindu Euskarabideak»

 

 

Manifestazioa antolatzeko hilabete hauetan egindako hausnarketa oso garrantzitsua izan da Sagrario Aleman IKA-ko kidearen ustez. «Etorkizunari begirako dinamikak zehazteko ere balio izan du». Haren ustez, Euskarabideak egindako lana «itxura kontua» besterik ez da izan, eta herritarrek jarraitu behar dute euskalduntzearen eragile nagusiak izaten Nafarroan. «Gobernutik deus gutxi espero dezakegu».


Zergatik aukeratu duzue une hau manifestazioa deitzeko?


Euskalgintzako eragileek denbora bat eman nahi izan diogu Euskarabideari, zer egiten zuen ikusteko. Denbora hori luze joan da, eta aspalditik geunden halako erantzun bat eman behar zela pentsatzen. Hala, elkartu, gogoeta egin eta erantzun hau adostu dugu. Erantzuna manifestazio gisa doa. Unea iritsi da dugun ezinegona eta kezka kalera ateratzeko. Gainera, hilabete hauetan egindako hausnarketak ere, etorkizunera begirako dinamikak zehazten hasteko aukera eman digu.

Eragile asko zarete kezka eta ezinegon horrekin zaudetenak, ezta?


Bai. Azken finean denek ikusi dugu Euskarabideak ez duela euskararen alor bakar bat ere zaindu. Gehiago izan dira euskararen aurkako erasoak, haren aldeko urratsak baino. Hor dago, adibidez, hezkuntzan British ereduarekin egiten ari direna, edo euskarazko hainbat hedabide ixteko arriskuan daudela. Euskaltegien alorrean ere aurrerapausorik ez da eman, eta diru laguntzak murriztu egin dituzte. Administrazioak euskaraz funtzionatzeko neurririk ere ez dute hartu.

Zuen ustez, beraz, Euskarabideak ez du behar bezala babestu eta sustatu euskara?

 
Ez, inolaz ere ez. Batzuek itxaropen handia zuten Euskarabidearekin. Baina itxura kontua baino ez da izan. Haiekin bilera eskatzen baduzu, ez dago arazorik. Hainbat ekitaldi eta ekimen konkretu batzuetan ere parte hartzen dute. Baina horretara mugatu da haien jarduera, irudi kontura. Zerbait konkretua eskatzen badiozu, erantzuten dizu ezin duela ezer egin. Ez duela horretarako eskumenik. Jada nazkatuta gaude egoera horrekin. Argi dago Euskarabidea Gobernuak kudeatzen duela, baina bere kabuz urrats batzuk zehaztu eta eman beharko lituzke euskalduntzearen alde. Orain arte, ordea, ez dugu halakorik ezagutu.


Zeintzuk dira euskalduntzeari begira premiaz hartu behar diren neurriak?


Neurri guztiak dira premiazkoak. Dena den, hezkuntzan gutxiengo batzuk bermatu behar dira, alor estrategikoa baita. Izan ere, euskaraz bizitzeko lehen urratsa, hizkuntza jakitea da. Hala, hezkuntzak hori ahalbidetu behar du. Ahalegin handia egin behar dugu haurren euskalduntzean, baina baita helduen euskalduntzean ere. Izan ere, helduek euskara jakiteak, erabilera handitzeaz gain, txikienen euskalduntzean laguntzen du. Ahaztu gabe, hedabideetan, aisialdian nahiz lanaren munduan ere urratsak eman behar direla.



Eta manifestazioaren ondoren zer?


Ez dakit Euskarabidearen aldetik edo Gobernuaren aldetik ezer berririk iritsiko zaigun. Guztiok argi xamar dugu, oraingo Gobernuak ez duela laguntzeko borondaterik. Krisia, diru falta aipatzen dute aitzakia gisa. Baina gero ikusten da gauza batzuetarako badagoela dirua, eta beste batzuetarako ez. Beraz, manifestazio honekin herritarrei egungo egoera salatzen jarraitzeko eskatzen diegu, beren alorretik. Har ditzatela ahal dituzten neurri gehienak, euskaraz bizi ahal izateko. Izan ere, bakoitzaren ahalegin horiei esker urrats garrantzitsuak eman ditzakegu.

Orain arte ere hala izan da, ezta?


Bai. Hori argi utzi behar dugu. Gobernuaren jarrera salatzen, eta euskararen aldeko neurriak hartzen jarraitu behar dugu. Baina orain arte bezala, herritarrok urratsak ematen jarraitu behar dugu. Gure ahaleginari esker lortu dugu euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea, eta horretarako bitartekoak jartzea. Etorkizunean ere hala izan beharko du. Izan ere, Gobernuaren aldetik deus gutxi espero dezakegu. Protagonista eta eragile nagusiak herritarrok izan behar dugu.

Dena den, ezin da guztia herritarren bizkar utzi. Politikariek badute zeresana euskalduntzean. Zer eskatzen diezue?


Euskalgintzan argi dugu ez dutela behar bezainbeste egiten. Baina legearen alorrean haiek dute azken hitza. UPNtik hasi eta Batasunera, denek egin behar dute lan. Alderdiei eskatzen dieguna da, presiona dezatela Gobernua benetako urratsak eman ditzan euskalduntzeari begira.


Utzi iruzkina: