Margy

No profile photo Bidartekoan | 2008-06-14 19:57

Margy.
Ez da Platero, nahiz eta bere begiak -gure ama zenak esango zukeen legez- txahalarenak baino handi eta politagoak diren; nik haulan imajinatzen baititut Juan Ramonek inozentziaz eta argiz beterik margoturiko Plateroren begiak, tximeleta alai eta etengabe harrituak esateko, Margyren begiak lakoak. Baina Margy ez da urrezurizkoa, izatekotan urregorria datorkio hobeto ebonyi mandako bati.

Lehen aldian, Kortesetik beherantz gentozenean, erdi gezurra esan zidan, esan zidan Burkina Fasokoa zela, eta ez, gehienak bezala, Nigeriarra. Baina inork ez luke esango gezurra dionik, bere begiek erakusten duten gardentasun umetiar horrek ezin du-eta gezur antzik erakutsi; ez dakit noiz lortzen diodan benetako orgasmoa eragitea, (bo, hau idazlearen lizentziak eman gehiegikeria da, gutxi gora behera susmatzen dut), baina ikutu eta berehala gora-goraka hasten denean ere, hori ere egia dela esango luke edonork.

Hala eta ere, Margyren istorioa ez da hor hasten, ez eta neure bihotzerako berotasunari buruzki diruaz ibiltze hori ere, azkenean ez baitut gibela hain alkoholetik libre ere, nola izango nukeen alperrik galduta tabernarik taberna ez-profesionalen bila ibili izan banintz. Uste dut fereka eroste horretan ibili nintzen lehen aldia mugako herriren batean izan zela; mugakoa diot ze han mundu guztiak egiten zuen frantsesez hitz, baina hango sexu langileak ez ziren bakarrik afrikarrak. Ordukoak oso xamur hartu ninduen, egia esan politagoa izan zen tratuko aldia tabernan bertan gerokoa baino, gero ere xamur ibili zen arren, goxo eta eskuzabal; baina nik ez nekien ezer eta apur bat engainaturik sentitu nintzen. Eta aldiz on egin zidan, oraindik ez nintzen zapelaitz, oraindik horma-txoria baino ez nintzen, neure burua hormalako ideologien pean ezkutaturik; uztarri gozatsua kendu berritan neukan, eta belar lodiaz eta zorrotzez beterik zeuden larreak, eta ez nekien egarri nintzenik ere. Pentsatzen nuen ez nintzela hegaz egiteko gauza izango, hormari itsatsita egon beharko nintzela, itzal elkorretan. Eta lehengo hark erakutsi zidan zelan laztandu behar nuen, zer eta zelan gustatzen zitzaion, tratua egin arren berak ere bazuela ondo pasatzerik.

Margyren istorioa ez da hemen hasten, baina bart, maitasuna egin eta gero, itaundu zidan ezagutzen ote nuenentz apoarmatuaren istorioa, berak bazekiela zergatik zeukan oskola leun barik holako kosk eta akatsekin; zein-eta dordoka, hain txikia izanik ere, animalia guztiak baino argiagoa baitzen, animalia guztien adimena bateraturik ere dordokarenera ez zela iritsiko, dordoka animaliarik jakintsuena zelako; alabaina istorio horiek guztiak ezagutu nahi banituen ordaindu beharko niokeela. Dordoka horrek Atxagaren Ostrukaren lezioa gogorarazi zidan, Oteiza aiputan zerabilenekoa, baina hori ez da bat ere inportantea..., zeren Margyk gainera elefantearen istorioaren berri ere bai-baitauka, bai eta armiarmarena ere. Areago, Margyk badaki armiarma hain txikia izanki ere, elefantea hil ahalko zukeela, eta nik ez. Gero, niri sakon eta abegitsu begiraturik esan zidan ikusten zuela nekatuta nengoela, lan-bidaia egin berria nintzenez, eta utziko zidala lo egiten, baina bakarrik ordu beteko loa, gero hasiko zitzaidalako atergabe berbetan, den-denak kontatzen, berbetarako gogoa zeukala, ze eurak, lan horretan dihardutenak, ordu luzez egoten dira-eta lo, eta ez dutela Bilbo bat ere ezagutzen, bakarrik etxe barruak, eta ez kaleak; lo eta lo eta lo, nazkatuta zegoela hainbeste lo egitearekin. Atzo ez zidan kobratu, ez asko ez gutxi, ezer ez.  Ez da lehen aldia hori gertatzen zaidana sexu langileekin. Nire ego-aren berdintzeko esan behar dut, baina,  lehen aldiz Margyk eta biok tratua egin genuenean, lehenagotik Kortes barrena langile bik esana zidatela ezetz ordurako, diruarena aipatu ere gabe; beraz, nire ego-a orekan lotu da, lokatzaren orekan, eta ez saien hegakeran.

Baina atzo Margyk herrimina zuen, herrimina bainoago amamina, ze, berak Afrika gorrotatzen baitu, ez da-eta sekula itzuliko, halaxe dio berak; ahotsa aldatu eta guzti egiten zaion arren bere hizkuntzan egiten duenean berba, aspirazioak barik espirituak dira, Erasmusek greko klasikorako notatuak bezalakoak; leun eta xamur ateratzen dira bokalak, irristatuz legez; erabat galtzen du ingelesez dabilenean duen laztasun hura, jazz kantariena, eta berdin da ahoskera diferentexeko hizkuntzaz egiten duenean ere; adibidez bart goizaldeko lauetan edo lagun bati deitu zion, eta beste hizkuntza batean egin zuen, hori berak azalduta dakit; bere estatuan hizkuntza hori ere egiten dela, besteak beste; Margyk diost ez dakiela ziur zenbat hizkuntzatan dakien. Ingelesez egiten duenean aldiz, ahotsa laztu egiten zaio, garramatu, goizeko seietan morroi horrek deitu zionean bezala, ingelesez, eta berak oso serio esan zion I'll call you later, eta tipoak ez zuen ondo entzun, eta berriro haserre antzean eta ozenago errepikatu zion, ni esnatzearen beldurrez zebilen arren; gainera, ingelesez dabilenean, batzuetan pidging-a ateratzen zaio: “broken english” da berak ematen duen azalpena; eta munduko alde honetakoek hizkuntzez oso gutxi dakigunez, iruditzen zaigu txarto egiten duela, ez duela ingelestun zaharra ematen; zuriok txartzat jotzen dugu hori, hizkuntzak Europan jendea bazter uzteko erabili izan dira eta, gutxienez Etxepareren garaietatik hona, egingo nuke eskolak inperio erromatarren alde barik estatuen eraikuntzan kolaborazionista bilakatu zirenetik.

Baina atzo Magyk amamina zuen, horregatik egon zen etengabe kantari. Kantuok berdin izan zitezkeen bere herrikoak nola ingelesez niri irratitik ezagunagoak egiten zitzaizkidanak. Margyk halaxe esan zidan: Amak dena lortuko lidake, edozer eginda ere, edozein egoeratan, irten kalera eta beharko nukeen huraxe ekarriko lidake, edozeren gainetik, edozein bide harturik. Eta gainera amak laztandu egiten du, bere amarentzat Margyk jarraitzen du altzoko ume izaten, nahiz eta askotan zion kargu hartuta aurpegian egin zizkion sei marka itsusi horiek: zergatik egin zenizkidan ama? begizkotik babesteko, antza, hain da polita.

Aita ez, aita ez du maite, aitaren etxean ez zen egun bat bera ere emateko gauza; aitaren etxera zihoanean beste leku bat bilatzen zuen berehala, bestela ez zen egundo ere etxaten, lo jesarrita ere egingo zukeen; zeren aita oso zen zaila ulertzen... eta ukabilarekin harako keinua egin zidan, guk norbait xuhurra dela esateko erabiltzen dugun keinu bera, eta diruaz gain besteari ere eransten zaiola bere kulturan konturatu nintzen, zein esan zidan aitak ez zuela inoiz amore ematen, ez zuela inoiz uzten (eta orduan zabaldu zuen ikubila), aitak ez zuela maite, eta gogorarazi zidan Barakaren antzerki bateko hasierako poema, hamazortzi urterekin Minnesotan irakurri nuena, zeinetan, bai, Europak bere katedralak eta makinak badituen arren, afrikarrek arima duten, bai eta (zilegi biezait Amiri poeta miretsia) eskuzabaltasuna ere, horregatik guk dirurako darabilgun keinu bera erabiliko dute eurek gainontzeko tasunetarako ere.

Eskuzabaltasunaz, egia esan, ez Margyrekin, baizik eta Stellarekin nengoen konturatuta. Stella eta biok azkenekoz elkarrekin egon ginenean esan nion ez nuela diru modurik, eta erantzun zidan ez zuela axola. Hain eskaini zidan goxo bere sorbalda, hain kiribildu zitzaidan xamur hankartean, hain erakutsi zidan dotore gustatzen zitzaiola... Maitasuna eginda, esan zidan konfiantza egingo zidala, bazekiela ordainduko niola; uste dut txarto egin nuela handik gutxira zorra kitatzearekin; uste dut agur esateko opari ez-ageriko bat egin nahi zidala. Ezabatu nuen bere telefonoa nire telefonotik; obedienteegia izan naiz beti; semeari ez obeditzen irakatsi behar diot lehenik eta behin, ea kasu egiten didan.

Orduko hartan izan ez bazen, hortik hortik: behin Stella oso itsusi etorri zitzaidan, txandal gorri batekin, eta ilea bilduta zapi batean, ezagutu izan ez banu pentsatuko nukeen zikin eta guzti zegoela. Atzo ulertu nuen Margyrekin zer zen kontua; azaldu zidan zelan esan zioten ez bazuen dirurik errenta ordaintzeko joateko Gurutz Gorrira, han utziko ziotela lo egiten, arropak eta emango zizkiotela. Margyk esan zidan berari arropagatik ez zaiola axola, baina, hara joan ezkero, bere joan etorrien berri jakingo zutela eta ez zuela holakorik nahi...

Beste honetaz berriz ez zidan ezer azaldu: poltsa bat zekarren eskuetan, sastar poltsa bat zen, ezin zuen zabaldu, lagundu egin nion; zabaldu eta han agertu ziren zopa pakete bat, pasta mota bi, espagetiak eta makarroiak, maionesa bote bat eta Filipino gaileta pakete bi. Esan zidan: do you care for cookies? hasieran ezetz esan nion, eta “a este qué le pasa” bezala begiratu zidanez, hartu egin nion pakete bat, jan genuen tarteka, bere eskuzabaltasun beltzetik eta nire zekenkeria xuritik.

Ispiluaren aurrean jarri zen, goraipatu nuen bere gorputzari begira, erantzuten zidan bere ipurdi (niretzat zoragarria gaur egun ere) joana zela, estresagatik edo izango zela, eta berak sabela lau-lau eduki ohi zuela hona etorri baino lehen, nik bere dieta norbaitek prestatu eta emandakoaz pentsatzen nuen bitartean, eta ea zergatik egiten zuen horrenbeste euri, beti hozten zela-eta, batzuetan parazetamola hartzen zuela barrutik apur bat berotzeko, ez zegoela “sistemara” egina, Afrikan eguzkia zeruaren erdi-erdian zela, gogor, arropa kentzeko gogoa sartzen zitzaizula etengabe... eta egia zen gauean estulka ibili baitzen, nire beso argalekin besarkatuz berotzen saiatzen nintzen arren eta berak protesta gabe onartzen zituenez nire ahalegin antzu horiek.

Bart Margy triste zegoen, amaminez edo, kezkaturik, ez ni nagoen bezala, beste era batera; bere kezkak ez dira malenkoniazkoak. Hausnar dabil ze bere nebari 20.000 euro dizkio zor; berak dio merkeagoa izango zela honanzko etorrera, ez balute Liberian atzera bihurtu, herritik egin baitzuen bidaia, eta ez hegazkinez edo itsasontziz, beste batzuek legez. Gero familiakoek uste dute bera lanean dagoela, eta eskatu egiten diote, batek 100 euro honetarako, edo besteak 75 euro besterako, eta berak ez daki ezetz esaten, ez du gogoko eskatzen diotenean, baina ez daki ezetz esaten, horregatik amari bakarrik deitzen dio telefonotik.

Berak bai, gurako luke lan bat aurkitu; hasi zen idazkaritza ikasten baina... ez du lan egiteko baimenik; gogorazi zidan _Cacao_ musikal hura: “sin papeles no hay trabajo, ni trabajo sin papeles, carajo, así son las leyes”. Gu kezkatuago gaude trata de mujeres horretaz hitz egiten, ustez Margyk ez zekiela zertan zen bere Europara etortzeko ametsa; uste dugu Margy tuntuna dela, norbaitek engainatu duela prostibulo batean sartzeko. Ez gara konturatzen etorkinen etorrera galarazita bakarrik garestitzen dugula garraioa; baina ez direla lerdoak, ez direla umeak, badakitela zer nahi duten... zein onak garen xuriok, zein kezkatuta gauden “no follarás” kristauen axaleko agindu horretaz, tamalez marxismoan (eta hortik feminismo ortodoxoetara) ere itzuri dena. Margy Libiatik Nigeriara atzera bueltatu zutenean, bere nebak itzelezko ahalegina  eginez 20.000 euro bildu zituen bere arreba txikiarentzat.

Aurrekoan ez zen triste egon, aurrekoan total zegoen pozarren; neu nengoen triste, eta beragaz gogoratu nintzen, ze guk xuriok eurokaz gogoratzen gara beste guztiek huts ematen digutenean. Eta hala egin nuen neuk ere, baina nire alderako esan behar dut afaltzera “langile” bat gonbidatzen nuen lehen aldia zela, eta pozik lotu nintzen nire buru zekenarekin pentsatuz tratuko esparrua gainditzeko gai izan nintzela. Hor bai, hor argiztaturik zegoen, eta era berean beldurrez, ze, diost, eurek eskuekin jaten dute, eta ez daki sardexka eta erabiltzen, are gutxiago jantoki japoniarreko zotzak. Ea ez dagoen janari afrikarrik. Orduan gogoratu nuen behin zelan joan ginen jantoki etiopiar batera, eta zelan jartzen zuten dena pizza bigun moduko ogi baten gainean. Saiatu nintzen azaltzen, berak ez zuen ezjakin basoko legez lotu nahi besteen aurrean, berak emakume espainola nahi zuen izan (jar zaitez azaltzen ezetz gu euskaldunak garela eta abar). Orduan galdetu nion lehen aldiz bere etxekoez eta abar. Azaldu zidan zelan bera amarekin jaio eta bizi izan zela Burkina Fason, bere aita soldadua zenez, Libiara joan zela gerrara, eta han zauritu zutela, betirako, bularrean. Eta berdin bere mutil-laguna, bere fiancé-a; bere mutil-lagunak ikasketak ordaintzen zizkiola, printzesa bat bezala tratatzen zuela, kotoi artean eduki ohi zuela, baina bera ere gerrara joan zela, eta Libian hil. Onena zela datorrena hartzea, eta doanari ez begiratzea; ni lotsatu egin nintzen nire bihotz hoztuak sortutako kezka guztiengatik.

Baina bart bai, bart triste zegoen Margy, eta hurbiltzen nintzaionean bakean uzteko eskatzen zidan, baina hain goxo bere hizkuntzan, galdetu behar izan niola zelan esaten den ezetz bere hizkuntzan, eta “eou” erantzun berak, eta katu-katu niotsan nik “eou” muxu bakoitzeko, eta orduan berak don't play love, gizon zuriak onak ei gara maitasun jolasean; ia-ia limurturik nuenean, aholku horregaz nonbait gogoratu eta arima ezkutatzen zidan. Berdin da, ez begiratzeko bere txahal begi eder horiei esan arren, nik ezin kasurik egin... banabil obediente ez izaten ikasten, asko kostata baina.


Utzi iruzkina: