Euria
Egun desegun latz baten aurreko susmo bustiak inguru-minguru, kristaletako negarrek gure hutsaldasuna iduritu ez ezen gure haiek ez bezalako bat egiteko ezintasuna ere agerterazten ziguten.
Eguraldi berdintsuaz hasi zitzaigun dena Bilboko Areatza aldean.
Eta ezin nituen ahaztu hainbatetan Verdes Achiricarenerako bide bustietan kulunkaturiko amets ostiraliar irrifarretsuak.
Kafeak euri zikin beroak bezala -"y qué le vamos a hacer si llueve" zioen Boulevardeko hormirudi batek- naizen urmael usteldu baten antzerako ispilukadak zekazkidan gomura.
Gure bizitzak ez du zede jakinik, ezta aukeratzekoarena ere, eta horrelako jatorrizko bekatu batekin bizi behar dugu eguzkiari erausiko liokeen sutetan gure hezurrak hori litezen arte.
Indargabe ziharduen euriak -berton, kristaletan diot-, nahigabean utzirik bezala, kasualitatez, gure bizitzak bete eta erditzen diren kasualitateaz.
Holaxe etorri zinen nire bizitzara.
Egia da etxekoak murmoitsu dabiltzanean probabilitate handiz ekaitza izango dena, egia arreta gabeko euriak ere bustitzen duela eta ber gauza espazio bera urteetan arduratuz elkar gintezkeena.
Baina Leipzig bezalako matematiko handi batek esan ziezagukeen monadiarra dela gure gregarismo azpian ostuko genukeen baideko izaera.
Hontaz, kasualitateak ez bestek adieraz dezake gure elkarrenganako sasi-onerizte nahia.
Batzuetan belaunaldiari leporatzen diot errua, bestetan, errogabeziarena, asteburuak jatorrizko herrian bizitzeak Bilbo lanorduak betetzeko hauts eta zaratazko leku bihurtu duelako atxakian nago; halere, txikitan areago orain baino, gustatzen zaizkit Bilboko usain gezurtiak.
Behinola bezala, negua hasteko eta udaberri hatsa saman oztopatu zitzaidanean,
edo maiatz aldera ater-aroa plazaratzeko dagoenean eta uda lurrin
ikaragarri batek gogora ekartzen dizkit handik lasterrera izango
diren azterketen kobre zaporea;
sakon herriminak aldarrikatzen dit nire pentsamenduetan izan beharko zukeen lekua, eta nik ezetz, ondo dela, laster hasiko dela uzta gabeko uztaro idorra baina oraindik ez dela garaia, bakea emateko.
Eta berdin, handik gutxira euri lasaigarri bezain betiluna ari du behindaberrizko semaforoen abestia presente egiten.
Eta erromaniko aspergarriko gurbilari eusten diozu euritako busti baten laguntzioaz igogailuetako elkarrizketei aurre egiteko.
Suertatzen zaizu batzutan, seigarren pisuan bizi baitzara, ez duzula gogorik zein ustekabean harrapatu gaituelako proposamenari erantzuteko, edo porteroaren seguidilla eguzkitsuak entzuteko;
suertatzen zaizu lepotik irristatu zaizun azken ttanta horrek barrenak irauli dizkizula eta zure euritako blaitua beste alor bat ari dela jorratzen bere lankide argitsu batekin.
Eskerrak laugarrenera arte baino ez datorrela atso piropeante hau!
Komunera joan behar dut. "Perdone don portero, otro día, hoy me esperan en casa."
Eta zure zureko laba abegitsuan zein gozaro kiribiltzen zaren gogoratzen duzu, eta zure herrian zein inetazi gogorra ekarri ekandu duen, suetan erretzen doan bisiguaren usainak oraindik eguna bukatu orduko gainditu behar dituzun ezbeharrak gogorarazten dizkizun bezalakoa: aitak apropos horren gorroto dituzun porruak platerean -eta ez nolanahikoak- jartzearena, esate baterako, -El Hombre y la Tierra ematen ari direla jakinik eta ikusterik ez dagoela, otso bihurtu nahiko zenukeela okela jateko eta ihes gizaki guzienganik arazo itogarri barik-, edota amumari eskuak pikantearekin huts egitearena eta infernu guztietako baino sumin zorrotzago bat sendituko duzula amata ezineko ezpainetan.
Argi triste baru batek usatuko dituen hausnarketei alde egiteko erabiliko duzun gaueko liburu batean jarriko duzu esperantsa.
Ez da Gabonetako alaitasun tentsorik baina ea elurra ari du.
Hanbourgoko ibaitik beherantz Sn.Pauligaz zerikusi zuzenik ez zuketen elur maluta erraldoiak, Walkiria zamalkagarrien legez, ikusi ezinezko birjintasunaren menditik, esuro zetozkigun.
Hotzak hiltzen zeuden vodka edalari gihartsu eta umore aldakordunen gordinkeriak entzuten ziren arnasa estuka zegoen baforetik.
Han ere nire momenturik goraipagarrienak poster lotsagabez beteriko kamarotean biluzik erretako zigarroen oroitzapenetan dautza.
Ez nuen betarik hartzen gabardina trasparentez jantziriko ene amets euritsuen emakumeengan tantarik ikusteko.
Behin bakarrik jo nuen untziko brankaldera eta ez nuen konprenitu izurdeen algara ez eta ke more baten gisan hegoak astintzen zituzten arrain hegalarien presa.
Eguzkiak Bermudas aldean ur urdinaren mugak gezurtatzen zituen.
Londoneko emakume errazek erakutsi zidaten giza erlazioen huskeria-trajikoa lainopean.
Eta gogoan dudan gauza bakarra ezpainak musukatzen zizkidateneko itsasoko txaparrada beroetako tanta geziak, nire lehiatilatik sant-Elmoren bila.
Kanpo egoerek ez dute gugan eraginik, barruko maelstromari eragin ikutu batez izan ezean, katalizatzaile legez.
Honetan da gure amets egiteko ohitura, honetan ez bestean; geroan uzten ditugu mamuak, eginbeharrak eta eginahiak, gurariak batez ere, apika orduan konplituko direlakoan, egoera ezberdin, egonkor eta bare batetan.
Egoerok ez dutela zerikusirik, zereginik, gure jitean, gure joan-etorrietan, baideko hegaldietan, konturatzean etsipena dator.
Marinel zahar guztiek badakite jakin; etsipenezkoa estaltzeko trajediazko heriotza baten atzetik dabiltzanean, itsasoari so, epikari egoten, galernaren zain, ezen beldur baitira gazteek ez dezaten higa saiootan baino ezin ora dakiokeen bizitza.
Hain zuzen esateko. Komentzimendu honek ene erabaki zuri hura hartzera bulkatu ninduen.
Eta, nola esan, zugaz izaniko erlazioa, Sant-Elmoren bila bezala, dudan lehiatila bakarra dela.
Isteko ituna hartzen badugu kontzekuentzia enea borobilagoa suertatuko zait erabateko etsimenduan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: