EPOCHÊ
Neuk ere gurako nuke targum bat idatzi,
gurako nuke egia bakar hori
neure pirqé gorriakaz hornitu,
(Rabbí Eliezerrek baino ondinokarrenean ere hobeto
eta neure burua gorago)
eta glossa horren inguruetan
pizti ikaragarriren bat
(Zosimok berak baino)
kolore bizi(ago)ez
miniatu.
Gurako nuke "tetramerein ten philosophian" bezalako berba gaitzez
Nire poesia bete...
Egia ziur bat eduki ezketino
(Demagun "Jainkoa"
demagun "Herria"
demagun "Progresso epela"
demagun lana, kotxea, etorkizun profesionala, etxea
demagun makutoa, pina eta fularra,
edo preskribatutako beste edozein moda
Egia horri berari
egingo nizkioke
NEURE marginalia ederto oldoztuak
eta gerokoek (behar bada) esango lukete: oi! Ai! edo boff!,
Baina —itzul gaitezen geurera—,
"epoché" dinot,
hots, poesiak mundua parentesi artean jarri du,
hots, poesiak ahaztu du nola josten ziren mendiak, ibaiak eta uriak,
hots, poesia pelukeriara doa bere negarrak publiko egitera
hango bezeroek esan diezaioten
ene alabea baina,
koitadeak zenbat sufritzen duen
eta —bide batez— zelan edertzen duten malko anpuluek;
baina phenomenologikoki konturatu egiten naiz,
—esentziaz, existentziaz, cogitoez, ergoaz eta sumaz—
konturatzen naiz
ez egia bakarra ez dagoena,
—hori Galileok, Cervantesek edo Picassok
(ez naiz oso ondo akordatzen nork)
asmatu ei zuten eta—.
EZ;
konturatu egiten gara, barren,
egia, egiak, gezurrak...
ez direla sartzen
Broadway eta 26. karrikaren kantoitik;
abiadan eta korrian,
begitu barik,
igarotzen garenon Munduan...
egiek, gezurrek, memoriak, ametsek...
ez dutela ia ezertan ukitzen
bizi dugun mundu hau.
Adibidez,
Fikziozko Sartreren
balizko bigarren egutegi batetik atera nezakeen hau:
Bilbon 1996-IV-18an
Ene Martha maitea:
Gaur atzo baino egia bat gehiago dakit,
alegia, gizakiak asko sufritzen duela,
eta horretarako idatzi dizut.
Sendejako autobusen teilapean
bizi diren atso-agureak
ez zeuden bart,
betiko legez,
elkarri beroa ematen,
manta beraren azpian;
oraingotan,
hango zutabe bana ohapuru bihurturik,
pozarren-edo beste negu bat iraun dutelako,
andrea lo eta gizona,
pozarren-edo, gizona legitzen zegoen,
Jet-societyren gainean ipuinak irakurtzen,
halako aldizkari bategaz, pozarren-edo
negua igaro dutelako bizirik...
Edo ostantzean,
nik imajinatu dudan arrazoi horixegatik ez bada,
behar bada beste honengatik izan daiteke:
gizonak izen bat ere bazuen garaia akordura ekarri duelako, edota
etxeduna zenean, berak ere botoa ematen zuenekoa gogoratu duelako,
Beste barik, bihotzez zurea orain etab.
Eta, baina, halatabe,
bada
gure intelektualitate Wagner, Goethe edo Bukowski zaleak (Transbluesency)
inoiz sekula santan ezagutuko ez duen (Baraka)
poeta negro bat, (Imamu)
Zuri zakildunen Historian
Sierra Leonaraino baino ez onartua, (LeRoi)
Hots, memoriatik bahitua, (Jones)
30 urtez dabilena
Newarketik Harlemera (Amiri)
Anti-egiak sortzeari
Ekin eta ekin,
eta horrexeri
ondo pozarren
plagiatuko nizkioke
bere poemak.
Neuk ere dena erosiko bainuke,
adibidez hauxe berau:
"Bageunden gu hementxe
Jainkoa
Bera Baino
Lehenago
Geuk
Asmatu genuen-eta
Bera
Eta zeitiko?
Horixe da galdera ona/hostialako
Itauna."
"Lord Haw Haw (as Pygmy) #37"
All Blues
Miles
Iruzkinak
Utzi iruzkina: