Perutz
-Zeu eta zeure apostoluak! – haserre batean ekin zion prioreak-. Aurreko horman dugun Gurutziltzatzea aspalditxo amaitua da, apostoluak aldean dituela ere, nahiz eta Montorfano pasa den urtean margotzen hasi.
Milango artisten artean aho batekoa zen Montorfanoren lanek mesede txikia egiten ziotela hiriaren ospeari, eta haren izena entzutearekin batera Hinojok lira baldar eta burrunbatsu jo zuen; aldi berean Estatuko kontseilari Di Treiok pausu bat egin zuen aurrera, eta gizalegez baina bihozberatasunez prioreari barkamena eskatuz Montorfanoren bezalako lanak askotxo eta edonon topa zitezkeela esan zuen.
- Hormak zikinez betetzetik bizi da –azaldu zuen Bellincioli poetak, bizkarrari eragiteaz bat-. Margoak prestatu eta ehotzen dizkioten ikasleak barreari ezin eutsi dabiltza Gurutzilkatzea aipu dutenean.
- Bada neronek lan duintzat daukat –hasi zen ostera ere priorea, iritzia behin eginda berorri temati eusteko horietakoa baitzen-. Edonola ere, amaitua da. Montorfanok ederto batean azaltzen du koadroaren luze-zabalean gorputzaren bikaintasuna, aurrera ekarriz eta hori hortxe duzue ondo agerian.
- Bai, baina Salbatore gurutzilkatua barik zaku bete intxaur pintatu du –ihardetsi zion Bellinciolik.
- Eta zu, maisu Leonardo, zer begitantzen zaizu Gurutzilkatze hau? -itaundu zuen dukearen amoranteak, hainbeste arlotan iaioa zen artista ezustean-edo harrapatu nahian. Nekez esango zuen ezer gutxi beste sortzaile batzuen lanez, are gutxiago goraipatzeko apenas ez zegoen horietaz. Espero bezala, eta priorea ez gogaitze aldera, maisu Leonardo galderari itzuri egiten saiatu zen.
- Duda barik zerorrek du, andere prestua, nirea baino iritzi hobea –esan zuen irribarretsu eta eskua batera eta bestera lasai mugituz.
- Inola ere ez! Ez zaitez ihes egiten saiatu. Zure iritzia ezagutu nahi dugu – egin zuen oihu Morok, irrikaz eta jostari.
- Sarri askotan pentsatu dut –labur batean gogoeta egin eta horrela ekin zion maisu Leonardok- belaunaldiz belaunaldi pintura gain behera datorrela, margolariek arreta handiago zor dietelako aurretiaz pintaturik dauden lanei naturari baino, eta bertatik ikasi beharreko ahaleginik egiten ez dutelako.
- Goazen harira! –eten egin zuen prioreak-. Zer deritzozu Gurutzilkatze honi?
Leo PERUTZ, Der Judas des Leonardo, 1959.
Aurretiaz prestaturiko oinarrietan ezarri zituzten zutabeak. Txandaka zigortuak masta banatan etzanarazi zituzten, bizkarra zeharka zetorren egurren, langeten parean, buruak handik gora eta gizonen besoak zume-sokaz lotu. Gizagaixoen ahurrak gurutzeei lotu zizkieten brontzezko iltze luzeak mailukatuz, eta hartara ezin handik ihes egin. Txirrika eta soken bidez zut ipini zituzten mastetako gizonak, oinarrian bernoak baliatuz, pisuari ondo batean oratzeko. Gurutzeetako zutabeetan, langetetik metro bat behera, zulo ilara egina zen; aproposenean taketa ezarri ohi zen presoen zamari hanka-artetik eusteko. Hankak ere zumeaz lotu zituzten, eta ostera ere bina iltzez josiko zituzten oinak gurutzean, sakratua den tendoiaren haragia zeharkatuz, hainbatek Akilesen tendoia deitu ohi duten berori birrinduz. Tetis itsasoko jainkosaren seme Akiles gezi batek hil omen zuen, zurdan bertan jota, ez beste inon. Gurutzearen goialdean kondenatuaren gaiztakeria idatziz azaldu ohi zuten, zigortuaren buru gainean.
Robert GRAVES, King Jesus, 1946.