Bloggin' HUHEZIn

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2006-09-15 15:33

Dagoeneko urte batzuk bai komunikazio munduan murgilduta eta hala ere oraindik eskema zaharren arrastoan segitzen nuen; irakurri bai, irakurri dut dezente komunikazio-molde berriei buruz, baina badakizue, ezagutza teorikoak ezagutza praktikoa lagun ez badu, bide motza du egiteko. Egitate horretaz jabetuta, aurtengo ikasturtean erebaki dut neu ere blogari lanetan hastea.
Joxe Aranzabal lankide eta lagunak akuilatu nau; berak gomendaturiko liburu batek (Will Richardsonen Blogs, wikis, podcasts and other powerful web tools for classrooms), berriz, erakutsi dit zelako gauza mordoa egin daitekeen ikasleekin blogei esker. Elkarrekintzaren aukerak kitzikatzen nau batik bat, partekatzeak, ezagutza denen artean eraikitzeak.
Hori guztia gogoan, aurten HUHEZIn (Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) emango ditudan bi ikasgaietan (Euskarazko Komunikazioaren Historia lehen lauhilekoan eta Informazio-dokumentazioa bigarrenean) blog hau baliatuko dut ikasleekin komunikatzeko, programak, azalpenak eta enparauak eskegi eta haien iruzkin eta lanak jasotzeko eta beste makina bat kontutarako (besteak beste, bistaratzeko ikasgai horiei buruzko kontuak ez ezik beste gai batzuei buruzko idatzi eta gogoeta zenbait).

Tira, nahikoa gaurkoz, ez baita komeni hasteaz batera jendea asperraraztea. Honezkero, beraz, kantuak dioena gogoratzea baino ez zait geratzen: bidea eta bidaia, luzeak izan daitezela...


Utzi iruzkina: