[SAHARA KARABANA] Elkartasuna bizipoz

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2015-02-19 00:00

Astelehenean, otsailak 16, zazpietan Boluetako aparkalekuan. Han ikusi ditugu lehenengoz bidelagun eta berehala lagun ditugunak. Aurkezpenak, musu eta kontu, eta abiatu gara Gasteizerantz; han jaso behar ditugu karabanan eroango ditugun ibilgailuak. Sentsazioa ona da, bagoaz, estreinako metroko bi emakumeok, milagarrenez gainerakoak, EuskoTren eta Tranbiako gidari zailduak, trenbide sektoreko harribitxiak. Zortzi pertsona goaz, sei gizon eta bi emakume.

sahara

 

Kamioiak goraino beteta doaz, banatu ditugu elkartasun-bagoiak. Hiru kamioi handi, mikrobus bat eta hiru lanrober.

Tuteraraino lehenengo etapa. Mikrobus txikiak gurpil bat lehertzeko arriskuan duela eta berehala jantzi dituzte buzoak eta atera tresnak. Di-da, gurpila aldatu eta bagoaz. Ezagutzen dituzte ibilgailuak, edozein zantzuren aurrean badakite zer kable edo zer ukitu behar den. Zirujauak dira. Terminatorrak, matxurak igarri eta konpontzen.

Tutera, Calamocha, Barracas, La Safor... betiko etapak, dena kontrolpean, bizpahiru ordutik behin geldituz joan gara gauean, hamaikak laurden gutxi edo Alacanteko portura heldu arte. Jaitsi gara, eta sahararrak zain ditugu. Esker on hitzak ahoskatzen dituzte etengabe. Paperak, giltzak eman, kontu batzuk esan eta ostatura joan gara. Nekerik ez bat batean, poztasuna baizik, zirrara berezia.

sahara

Lagunarte polita afaltzen. Ordu bata izango da oheratzerako. Biharamunean, otsailak 17, 9:30ean ekingo diogu itzulerari, alokatutako bi autotan.

Umoretsu altxatu gara. Auto berrietan goaz, launa. Ederto moldatu gara, gure enpresen berri galdetu eta ematen elkarri. Gurean metroko biokin Euskotreneko eta Bilboko tranbiako gidariak datoz, eta kontu kontari ibili gara. Barre algaraka ere tarteka. Aukera polita zubiak eraikitzeko eta langileok batzeko. Elkar ezagutzeak indarrak batzen lagunduko digu.

Logroñon berrantolatu ditugu autoak, batzuek Gasteiza joan behar dute lehenengo, paperak eta entregatzera, besteok zuzenean etorri gara Bilbora.

Zintzotasuna, elkartasuna, babesa, maitasuna, umorea botika onak dira depresioak sendatzeko, diru goseaz ahanzteko, irribarrea pizteko eta bizipoza sortzeko. Egin aproba. Ez zaizue damutuko.

 

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI


Utzi iruzkina: