LAB sindikatuak bat egiten du AHTaren aurkako Nazio Manifestazioarekin
Euskal Herri osoko langileak gara espainiar eta frantziar Estatuek inposatu nahi diguten proiektu honek kaltetuak, diru publikoa esku pribatuetan jarri nahi dute, eta hori beste lapurreta modu bat da. Langileoi inposatzen zaigun proiektu honek kalte ekonomikoak eta ekologikoak dakartza jendartera eta langileok beronekiko gure desadostasuna adierazten jarraituko dugu.
Larunbatean borroka honetan zer nolako pauso garrantzitsua eman behar dugun azpimarratu nahi dugu, izan ere, Bidasoaren alde bietan Estatuen inposizioa berbera da eta borroka horretan elkarrekin lotzeak oraindik gehiago indartuko gaitu.
LAB sindikatuak trenbideen garapenean den kontraesanaz ohartarazi nahi du. Arrazoi ekonomikoen aitzakian, zerbitzu eta azpiegiturak pribatizatzea salatu nahi dugu. Beraz, LABek bere militantzia osoari dei egiten dio larunbat honetan, urtarrilak 23, AHTrik ez! Proiektu txikitzaileak gelditu! lelopean Iparraldeko Ingurumenaren Batzordeak (CADE) eta AHT Gelditu! ELKARLANAk batera antolatu duten nazio manifestazioan parte hartzeko. Manifestazioa arratsaldeko 16:00etan Hendaiako tren geltokitik irtengo da eta Bidasoako Santiagoko zubi zaharrean bukatuko da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: