Kultur eredua finkatu lehendabizi, ondoren diseinua

kulturerrota 1456150614466 Kultur Errota Lan Taldea | 2006-02-04 12:30

Zelai Aristi ikastetxean Kultur Etxea bilakatzeko proiektu erakargarri eta potentea izanik, ez dugu uste behar bezalako eztabaidarekin egin denik eta egiten ari denik. Kulturgintzan konprometiturik dauden elkarte eta norbanakoen parte hartze zuzena ezinbestekoa da horrelako proiektuen aurrean.

Elkarteekin egon dira Udalaren ordezkariak eta bilerak ere egin dira, baina espazioaren antolaketaz besterik ez da hitz egin. Udalak ez du diseinuaz haratagoko eztabaidarik bultzatu eta elkarteok ez dugu gure lokalaren neurriaz aparte ezer gehiago proposatu.

 Herriko kultur azpiegitura garrantzitsu honek, zein kultur eredu nahi dugun eta nola dinamizatu nahi dugun baldintzatuko du etorkizunean. Hortaz, uste dugu, etxea teilatutik eraikitzen hasi dela. Kultur etxearen ikuspegia, helburuak eta bultzatuko den kultur eredua adostu behar dugu lehendabizi alderdi politiko eta kultur eragileon artean. Ondoren iritsiko da tenorea, diseinuaz, espazioaz edo kudeatzaileaz hitz egiteko.


Utzi iruzkina: