Amodio protopoema
HAU DA ENE ONDASUN GUZIA
Amodio poemarik xamurrena izkiriatu nahi nizuke
poeta erromantikoen xalotasun eta
erru gabeziarekin.
Zure zangoak luze luzeak balira
eta ene zangoak zureak lain luzeak
mahaipean luzatuko genituzke zangoak
zangalatrabatzera jolasteko.
Ene hatzamarrek zure larrua ukituez gero
pospolu antzera izekiko lirateke.
Mundua arrisku larrian jarriko genuke
gure besarkadagatik ikaratzen ez dakit zenbat
Richter eskalan.
Erdu harresia aihenbelarrak lez eskalatuz, erdu
untziaren kubertara jauzten den olatuaren gisan,
erdu eremu lehorra hondatzera datorren ekaitza bezala.
Erdu eta bihur ditzagun hitzak haragia.
Solda gaitzatela bata bestearen kontra.
Horrelako poema gogotsu bat eginen nizuke,
baina zer laburra den lirikarena.
Lehioa zabaltzean, zeldara zure ordez,
Errealitatea sartzen zait, bere altzairuzko
Hatzaparrekin, orroaka.
- Joseba Sarrionandia -
Iruzkinak
Utzi iruzkina: