Hizkuntzaren kalitatea
Ahozkotasunaren gunetik abiatuta, berehala iritsiko gara eztabaida askoren muinera: hizkuntzaren kalitatera, alegia. Bada, zer da “hizkuntzaren kalitatea”? Ibon Sarasolak aurretik landutako kontzeptuei jarraituz, Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordearen eskariz (EAB, 2004), idatzitako txostena argigarria zaigu.
Hizkuntzaren kalitatea definitzerakoan hiru maila desberdintzen dituzte egile hauek:
Euskara zuzena: Euskaltzaindiaren arauen araberako euskara da zuzena, arau horiek aplikagarriak diren egoera komunikatiboetan. Ortografian, joskeran, ahoskeran, etab.; maila askotan daragi zuzentasunak.
Euskara jatorra: Euskararen senaren edo usadioaren araberakoa da euskara jatorra. “Entrenatzailea zirkunstantzia aurpegiarekin atera zen aldageletatik” euskara zuzena izan liteke akaso, baina ez da jatorra. “Entrenadorie halamoduzko aurpegixaz urten zeban bestuarixotik”, aldiz, jatorra da, nazio mailako egoera formaletarako zuzena ez izan arren. Ideala, esan dugun moduan, zuzena eta jatorra izatea litzateke.
Euskara egokia: Bere xederako egokia dena da euskara egokia, eta, Mitxelenak zioen bezala, hizkuntzaren xedea eragitea da batez ere. Egokitasun kontzeptu honetan txertatzen dugu, beraz, eraginkortasunaren alderdia, nahiz jakin batzuek guk “jator” esaten diogunari esaten diotela “egoki”. Zuzentasunaren eta jatortasunaren aldean, kontzeptu aldakorra da egokitasunarena.
Izan ere, komunikazio egoera bakoitzak bere egokitasun propioa behar du, eta du. Egoera jakin baterako ezinago egokia den hizkera zeharo desegokia izan liteke –eta izaten da– beste baterako. Hain zuzen, hori eta ez besterik da hiztun –eta hizlari– egokiaren gaitasun bereizgarria: aldian aldiko egoeran hartarakoxe egokia den hizkera erabiltzen jakin eta asmatzea. “Atsegin zatzaizkit” oso zuzena da, baina zuzenaren zuzenaz guztiz desegokia da, goizeko ordu bietan ligatu nahi duen gaztearentzat.
Hiztun ona, beraz, euskara egokia, jatorra eta behar den guztietan zuzena erabil dezakeen hori izango litzateke. Kalitate osoak hiru maila horiek bilduko lituzke.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: