Spam ala Spam?

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2007-05-25 10:36
3

Zakila luzatu nahi dizute, prozac apur batekin zure bizitza alaitu, oheko super-heroi bihurtuko zaituzten pilula urdinak saldu. Ziur zuri ere ailegatu zaizula horrelako eskaintzaren bat. Mezu elektronikoen %70a mota honetakoa omen da. Spamaz ari naiz: eskatu gabe gure erretiluetara ailegatzen diren mezu komertzial koloretsu eta astun horietaz.

Monty Python-en sketch  jenial batean omen dago Spam hitzaren gaur eguneko erabileraren jatorria. Spama, “Spiced Ham” hitzen laburdura, latan saltzen zen txerri haragi merkea zen, ohikoa oso II Mundu Gerra osteko garaietan. Monty Pythonen sketch horretan zerbitzari bat bezeroei eguneko menuaren berri ari da ematen, garrasika. Eskaintza, ugaria: saltxitxak eta spama, spama eta arraultzak, arraultzak, spama eta spama, bacon eta spama, spama, spama eta saltxitxak, spama spamarekin…

Ez duzula spama gustuko? Zureak egin du, motel. Edo beste modu batean esanda: nahi eta nahi ez, spam puska bat irentsi beharko duzu. Mezu elektroniko hauekin gertatzen den moduan: nahi eta nahi ez, irentsi behar.

Azken aste hauetan, gainera, spam bolumena bikoiztu zaigu. Ohiko viagra-cialis-rolex pagotxez gain, alderdi politikoen makineria guztia martxan jarri da, esnatu da munstroa, eta mezuz bete dizkigute kaleak, postontziak, begiak eta belarriak. Mezu horien edukia, spam mezuen edukiaren mailakoa, normalean.

Ohituta gaude, bai. Laster pasako da, eta ahaztuko ditugu, ados. Ez da hori gehien izorratzen nauena. Iraingarriena biharko eguna iruditzen zait. Agintariek, beren ontasun infinituarekin, hausnarketarako erreserbatzen diguten egun hori. Hausnarketa eguna, to! Eskerrak eman beharko dizkiegu, gainera! Spam edo Spam eskaintzen digute, eta bi aukera horien artean hausnartzeko abagunea oparitu. Ez dakit zuek, baina nik spam guztia ahaztera dedikatuko dut biharko eguna. Hausnar dezatela haiek.

3ARRANO

3ARRANO 2007-05-25 11:06 #1

Bikaina bideoa Katixa.

Biharkoari buruz, ziur albisteetan hautagaiek hausnarketa eguna nola pasatzen duten erakutsiko digutela... baina hori ez da propaganda antza.

ibai

ibai 2007-05-26 13:16 #2

Ikusten, esan nizun. Gaur Usandizaga andrea bere arrainik gogokoena erostera joango da azokara, Markel Olano mendira doa kuadrilakoekin, beste batek babajana dauka, beste bat Piratas del Caribe 3 ikustera joango da, Madrazo andrea OTren kontzertura... eta ia denek bizikletan osteratxo bat emango dute, "beti bezala". Ez, ez dut neuk asmatu, Euskadi Irratiko albistegietan entzun berri dut hau dena.

Gaurkoa ez bada hauteskunde kanpainako egunik propagandistikoena...

sds

sds 2007-06-12 16:56 #3

sdsd

Utzi iruzkina: