Sautrelan, Florentzia
Atzo, urtebetetze opari gisa, seinale on bat jaso eta ETBko kanal guztiak ondo ikusten hasi nintzen. Ez zen noski hori izan oparirik onena (ejem) baina horri esker neure burua Sautrelan ikusteko gauza izan nintzen. Hilean behin hor agertuko naiz, hiri baten inguruan irakurraldi motz bat eginez.
Atzo, Florentzia. Eta bertara 14 urterekin joan nintzeneko oroitzapen bat.
Autoz ailegatu ginen Florentziara. Gure aitak gidatzen zuen eta zuzenean igo gintuen San Miniato begiratokira, Florentziaren ikuspegi osoa izan genezan. Irudia ederra zen. Aitak argazki zahar bat atera zuen orduan diru-zorrotik. San Miniato begiratokian bertan ateratako argazkia zen.Gaztea zen aita argazki hartan, hogei urte baino gutxiago, pastako betaurrekoak, keinu serioa. Egunkari bat zeraman eskuetan. Pena di morte per i patrioti baschi, irakur zitekeen egunkariaren azalean, begirada zorroztuz gero. Eta atzealdean, data bat: 1970ko Gabonak.
Aitak argazkia gorde zuen arte, begira egon ginen. Gero amak kamera atera eta beste argazki bat egin zigun, han bertan, San Miniato behatokian, Santa Maria del Fioreko kupula gure bizkarraldean.
Iruzkinak
Antagonistak 2008-11-01 15:35 #1
<UL>
<LI>Ziber espazioaren biktimak, elkar erlazio artifizialen, likidotasunaren barrumbeetan, sua falta zaigula diote batzuek, sua itzali ote digute?bombilak ote gara?klik, ene itzali da.Berriz ere ziber espazioaren biktimak.Artifizialaren hutsaltasunean, ezin asebeteta. Ezin beteta.Ezin piztuta.Zerbaiten esperoan, ezeren esperoan.Klik itzali da.</LI></UL>
Ion 2008-11-03 21:38 #2
<P>Aupa Katixa! Berandu bada ere, bina zorion, 27 urte betzearren bata, eta pasa den astean irakurtzen amaitu nuen "Sua falta zaigu" liburu polita idaztearren. Benetan gustora ikarri dudan liburua. </P>
Utzi iruzkina: