Oreka Dorre Bikietan

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-05-10 21:24
1

Parisen gaude, 1968an. Philippe Petit, hamazortzi urteko kale-artista bat, dentistarenean baino irakurtzen ez diren aldizkari horietako bat ari da begiratzen. Orduan izaten du lehenengoz New Yorken eraikitzen ari diren dorre bikien berri. Orduantxe sortzen zaio obsesioa ere. Bera funanbulista izaki, erronka handiagorik topa dezake? Lorpen gorengorik? Alanbre bat kokatu beharko du dorre batetik bestera, alanbre horrek markatzen duen ibilbidea jarraitu, munduko eraikin altuen horiei erronka botaz. Bai, egin beharko du. Ez dago atzera bueltarik. Hagin-mina ahazten zaio. Bere gogo guztia plana diseinatzera jarri beharko du. Nola zeharkatu dorre batetik bestera, hari baten gainean, masta baten laguntza xumearekin.

Sei urte eman zituen horretan, planak egiten, eta azkenean, 1974ko urtarrilean, eskalarik gabeko Paris-New York hegaldia hartu. Beste zazpi hilabete eman zituen World Trade Center-aren inguruan, dorreetaz ikasi ahal zuen guztia ikasiz, zelatan, buruan bere plan zoroa beti ere.

Eguna ailegatu zen. 1974ko abuztuaren 7a: udako astearte antzaz aspergarria. Dorreak oraindik ez zeuden bukatuta, beraien betebeharra eta arkitektura hantustea gupidagabe kritikatzen zen hirian. Bulego alokatu gutxiegi. Porrota hurbil.

Petit Hego Dorrean zegoen. Bere laguntzaileak Ipar Dorrean, zain. Eta bi dorreen artean, hari bat, lurretik ikusezina. Goizeko zazpiak inguruan hasi zen ikuskizuna. Aurrera, Phillppe. Paristarraren orekaz disfrutatu zutenak gutxi izan ziren orduan. Haien artean poliziak, berehala ohartuta, hariaren muturretan orekaria harrapatzen saiatuz. Kostatu zitzaien Petiten dantzaldia geldiaraztea baina.

Orekariaren balentria arratsaldeko egunkarietan agertu zen, hala nola irratian eta telebistan. Heroi bat. Dorre bikiei behar zuten legenda kutsua eman ziona. Bere kontrako auziak ahaztu ziren. Aholkua eskatu zieten dorreetako segurtasun-arduradunek. Bere odol-hotza goraipatu zen handik eta hortik. Petit berak, bere odol hotzaren erakusle, hurrengo esaldiarekin bukatu berri du bere biografia: “Eta orain, dorreak ez daude”.

Eta hala da. Ez daude. Horien ordez, zementua eta hesi bat, orubea inguratzen. Eta turistak kuxkuxean. Argibide zehatzekin, gainera.

Amuitz

Amuitz 2006-05-13 16:22 #1

Hau bertigoa!<br />
Bai Petiten zeharkaldia imajinatuz, baita zuzenean dorreak erortzen ikusi nituenean ere.<br />


Utzi iruzkina: