Liburuak debekatu dituzte

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-11-29 13:40
5

Larunbatean Loiuko aireportuan izan nintzen. Fakturatu eta berehala eskuratu zidaten Europar Batasunak ezarritako segurtasun neurri berriak azaltzen dituen libelo bat. Legalitatearen barruan bidaiatzeko prest nengoela uste nuen, baina txundituta geratu nintzen neurri horietako batek bete-betean harrapatzen ninduela ikusterakoan.

Ez naiz likido edota objektu zorrotzez ari, horietaz txintxo-txintxo libratu bainintzen. Orain arte nahiko ezkutuan mantendu nahi izan duten beste neurri batetaz ari naiz. Antza denez Europar Batasunak LIBURUA objektu arriskutsutzat jo du. Bai, lagunok, hemendik aurrera ezingo dugu liburuekin hegazkinez bidaiatu. CIAk desartikulaturiko plan kriminal eta terrorista baten oinarria omen zen liburua. Bahiketak, txikizioa, masakreak. Dena liburuekin, terroristek aurkitutako arma orain arte eskuragarri horrekin.

Ukitu duzue inoiz liburu-orri baten ertza? Zorrotza da, ezta? Odola eta guzti atera dezake, gogoz egiten bada. Ba imajinatu zer izan daitekeen liburu bat Afganistango entrenamendu zelaietan hezituriko terrorista batentzat. Iaioak omen dira aortak eta bestelako arteriak mozten, edo mozteko mehatxuarekin edozer gauza lortzen.

Gogoan izan, libururik ez bidaietan. Gure segurtasunagatik. Albokoarekin hitz egin dezakegu, edo leihatilatik begiratu.

Dirudienez, epe motzean neurri hau zabaltzeko asmoa dago. Ez bakarrik abioietan, bestelako garraiobide eta eraikin ofizialetan ere murriztu nahi omen dute liburuen sarrera. Liburu batekin bidaiatzea edo eraikin ofizial batean sartzea ezinbestekoa balitz, segurtasun-indarren prezinto berezi bat beharko du liburuak, eta ezingo da aipaturiko tokietan zabaldu.

Liburutegi, eskola eta unibertsitateek ardura berezia izan beharko dute hemendik aurrera. Guardiak, scanerrak eta bideo-kamerak gomendatzen dira apalategien aurrean. Oro har, liburuak erabili eta irakurtzen dituztenen gaineko kontrola saiatuko da, liburu batzuk besteak baino arriskutsuagoak izan daitezkeela kontuan izanda.

Etxeetan liburuak izatea momentuz ez dute debekatuko, baina, hori bai, liburu-erosleen erregistro zorrotz bati ekingo diote. liburu-denden laguntzarekin. Baten batek liburu gehiegi erosten badu, kontrol bisita bat izango du, autoritateek argitu dezaten kultur-egarri hutsez edo bestelako asmoekin ari den liburu pilaketa bat egiten.

Bestalde, egunotan liburu bat erosteko baimen berezia behar ote den eztabaidatzen ari dira Europako Parlamentuan. Neurri hau onartzekotan froga psikotekniko zorrotz bat igarotzen dutenek baino ezingo dute liburuak erosteko baimena eskuratu.

Azkenik, liburu azoka eta antzekoak Arrisku Handiko Ekitaldi moduan izendatuko dira, publiko masifikazio, kontrol falta eta liburu kontzentrazioagatik.

Beraz, aurtengoa duzue, seguru asko, Durangoko Azokara gerturatzeko azken aukera. Aprobetxa ezazue.

axi olano

axi olano 2006-11-29 16:09 #1

Aizu, Susa.-koen marketin biral  kanpainarako gidoitxoa idatzi duzu nahi gabe. Ea nor animatzen den spota egiten. Nik zera... "Gogoa, gogoa banuela baina, astirik ez, astirik ez..." :

http://www.armiarma.com/emailuok/?p=684

xme

xme 2006-11-30 11:51 #2

Hori da hori idaztea!

i-pod sariketak badu irabazlea.

AHTrik Ez

AHTrik Ez 2006-12-04 13:46 #3

Ironia "fin" honekin AHTa deskarrilatuko duzu!!

Aupa Katixa,

gurekin jai daukazu. Ipotxa guretzako!

Jabi

Jabi 2006-12-10 18:21 #4

Ez da egia izango!

Amelie

Amelie 2006-12-14 14:50 #5

Euskal presoen lagunek eta senideek aspalditik dute kontu honen berri. Azal gogorreko liburuak ezin dira sartu Espainiako Estatuko kartzeletara, eta azala kenduta sartzea da presoek liburu horiek irakurtzeko modu bakarra.
Frantziako Estatuko kartzela gehienetan (uste dut) ez dela horrela izaten.

Utzi iruzkina: