Landarearena
Etxe berrira aldatu nintzenean amak opari bat egin zidan: landare bat. Oso landare indartsu eta erresistentea zela argitu zidan. Zaintzen erraza. Argi natural apurra eta astean behingo ureztatzearekin nahikoa omen zuen bizitza honetan aurrera egiteko. Seguru naiz zuk ere egin dezakezula, esan zidan, maltzurki.
Eta zin degizuet nik ere gai ikusten nuela neure burua. Landare horrek, gurean, bizitza oparo eta zoriontsua izango zuela sentitzen nuela.
Orain dela aste batzuk, ordea, landare behinola berdea, horitzen hasi zen. Denboraldi aldaketa zetorrela eta kolore berriak probatzea ez zegoela gaizki esan nion neure buruari. Handik gutxira bere hostoek, sabaira begiratu beharrean, animua galdu eta parketari begiratzea erabaki zuten, goibel. Tira, etxeko bazter berriak ezagutu nahiko ditu ba! Hostoak galtzea izan zen hurrengoa, eta orduan hasi nintzen larritzen: udaberrian hostoak galtzea baino gauza tristeagorik!Ez dut agonia osoaren kronika egingo. Bukaera errebelatuko dizuet: azkenean, hil egin da landarea. Ziplo eta betiko. Kaput.
Hileta duin bat egin genion: zabor organikoaren ontzira bota genuen, bizitzaren zikloa bete zedin-edo.
Pitokeriak. Landarea hilda dago eta ni naiz erruduna. Ni, arduratsu jokatuko nuela neure buruari agindu niona. Eta egia da arduratsu jokatu nuela: lehenengo astean. Gero, ahanzturara kondenatu nuen landare gaixoa. Ureztatzearena oso noizean behin egiten nuen. Leiho ondotik kendu nuen sofa bat erosi genuenean, eta izkina ilun batean kokatu, traba egin ez zezan.
Hori bai, landareaz gogoratzen nintzenean, ederki tratatzen nuen. Hitz egiten nion eta guzti. Zer moduz, laztana, aspertu egiten zara, egun osoa loreontzi horretan sartuta? Tira, kasu handirik ez nion egingo, baina berarekin nengoenean, kalitatezko tratua eskaintzen nion.
Badakit zurikeria hutsa dela. Maitalearekin egon eta gero emaztearengan bonboi-kaxa batekin itzultzen den senarraren jokamoldea. Lanagatik alabari kasu gehiegi egin ez eta gero umearen gutizia guztiak betetzen dituzten gurasoen estrategia.
Emaitza agerikoa da. Eta tragikoa. Landareekin, pertsonekin bezala, gakoa ez datzalako kalitatezko momentu esporadikoak eskaintzean, baizik eta ureztapen eta argiztapen jarraituan. (Oraindik ez diot amari berri txarra eman).
Iruzkinak
Ugutz 2007-05-24 21:49 #1
Berdina gertatzen zait niri arrainarekin, baina azkenengo honek ia bederatzi hilabete daramatza bizirik.
Konbentzitu naiz jada, arratoiak ez dakit, baina ziur nago nire arraina holokausto nuklear batetik bizirik aterako litzatekeela.

Patxi 2007-05-26 13:44 #2
Landareak eta pertsonak...

Landareak ez dira gu bezain sofistikatuak. Haiek iturri bateko urarekin pozik. Guk iturri desberdinetako ura behar izaten degu. Ur berberarekin beti ito egiten gera.

Haiek hezetasun iraunkorrean pozik. Guri, Satisfazioa (ura) bezain beharreko zaigu insatisfazioa (egarria), eder egoteko.

Utzi iruzkina: