Hatz-mamiekin
Idazle esoteriko batzuentzat, esperientzia erlijiosoa da ia. Ahots bat entzuten omen dute, burura etortzen zaiena zuzenean, eta burutik eskura, eta eskutik paperera. Haiek bitartekoak baino ez dira. Medium hutsak. Zerutik datorren ahotsa eta obraren artekoa. Beste batzuentzat (gehienontzat, pentsatzen dut) ez da hain erraza. Hitzak ez dira entzuten. Areago, ezkutatu egiten dira eta isil-isilik geratzen, eta haien bila jo behar du idazleak, kostata, izerditan, ehiztaria basoan nola.
Niri, adibidez, izugarri kostatzen zait hitzak entzutea. Bila ibiltzen naiz, bai, baina hitzak azkarrago izan, nonbait.
Orain, ordea, posiblea egin zait hitzok ukitzea. Hatz-mamiekin, bai, eta ez da metafora. ONCEk eta Elkar argitaletxeak sinatutako akordioari esker, Sua Falta Zaigu nire liburuaren braille bertsioa daukat orain esku artean. Bi liburuki handi samar, bere bertsio originalean 177 orrialde baino ez zituen liburutxorako. Orhan Pamuken Elurra braillez ateratzen badute, zenbat liburuki beharko dira? Zenbat apalategi horiek gordetzeko?
Nik ez dakit non sartuko ditudan nire bi liburuak. Momentuz aulki batean daude, eta noizean behin zabaldu, eta laztandu egiten ditut pixka bat. Ezinezkoa iruditzen zait erliebe horien bidez irakurri ahal izatea. Baina polita da noizbait nik kostata bilatutako hitz horiek, mamien bitartez, beste norbaitek jasoko dituela pentsatzea.
Zaila omen da braillez irakurtzea, bai, hori idatzi didate liburukiekin batera datorren gutunean. Ez omen denez erraza, ez dago braillez irakurtzen duen jende askorik, eta joera hori areagotu besterik ez da egiten itsu euskaldunen artean, bistakoak diren arrazoiengatik (bistakoak esan dut? barka). “Oso pertsona gutxirentzat da oraingoz lan hau” jarraitzen du eskutitzak, “baina bakarra izanda ere, mereziko zuela uste dut”. Bai horixe. Nik ere gauza bera pentsatzen dut. Norbaitek nire hitzak ukitzen ditu. Bai, merezi du.
Iruzkinak
borthuzai 2008-02-08 20:54 #1
horixe baietz!<br>Batzutan (<i>askotan </i>ez esatearren) nazka ematen dugu. XXI mendea eta braile liburuak atera ezinik, elbarrituentzako arazo arkitektonikoekin, azpititulorik gabeko telebista...<br>Barkatuko al digute noizbait<br>
Utzi iruzkina: