Gora aitak!

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2007-06-29 11:50
2

Munduko aita guztien kontra herra bereziren bat dudala gezurtatzeko, aitatasuna ospatzen duen liburu bat gomendatzera natorkizue gaurkoan. 20 días con Julian y Conejito du izena gazteleraz. Bere autorea: Nathaniel Hawthorne. Idazle iparramerikarra ezagutzen dutenentzat, lan honek bere fikzio lanekin zerikusi gutxi duela argitu beharra dago. Hemen ez dago deabrurik, indar zitalik, bekatuaren itzalik. Dagoena Julian txikitxo bat da, Hawthorne-en semea, alegia, askotan deabrutxo baten antza hartuko duena. Liburutxoa egilearen bitakora bat baino ez da, lumaz eta paperean idazten ziren horietakoak; bere 5 urteko semearekin bakarrik gelditu behar izan zuenean sortua.

1851. urtean gaude, eta Hawthorne gizon aurrerakoia izanik ere, ume bati ileak kizkurtzea, bainatzea, afaria ematea, ez zegoen bere eguneroko eginbeharren artean. Baina emazteak bidaia bat egin behar izan zuela eta, hantxe gelditu ziren, bakar-bakarrik Ingalaterra Berriko paraje galdu batean, Hawthorne eta semea.

Liburuan harrigarriena, dudarik gabe, idazleak bere umearen ibilera eta bihurrikeria guztien deskribapen zehatza da. Gaur egun, guraso gehienek bideo-kamerekin gogaitzen dituzte umeak, baina ziur nago punta-puntako ikus-entzunezko teknologia guztiek ezingo luketela erdietsi Hawthorne-ek, hitz hutsekin, lortzen duen gardentasuna eta naturaltasuna ume baten egunerokotasuna deskribatzerako orduan.


Antza denez umea ez zen isilik egoten, eta aitaren pazientzia muga-mugara eramateko erraztasuna izugarria zeukan. Hawthorne-ek bere desesperazioa erakusten duen pasarteak dira akaso gogoangarrienak, errealistenak, baita samurrenak ere.

Hogei egun horiek pasatuta (luze egin zitzaizkion), emaztea itzuli eta nolabaiteko oreka berrezarri zen Hawthorne-en unibertsoan. Baina ziurrenik, aitatasun ikastaro trinko horren ostean, gauza asko aldatuko ziren aita horren ikuskeran.

Ederra eta samurra. Aita guztiekin adiskidetzeko modukoa.

patxi lurra

patxi lurra 2007-07-03 21:03 #1

Itxura ona deuko zeure gomendioak. Ekarri asko!

lilith

lilith 2007-07-04 13:24 #2

<p>Bada Artzeren poema bat, orain burura etorri zaitena, ez dut buruz ikasia, baina aitatasun ditxosozkoaz hitz egiten beti datorkit, halako zerbait dio,</p>

<p><em>Aita onartzen ez duen semeak, maiteko ahal du bere semea?</em></p>

<p>(Hau ez da poesia hau da esaten duena, gutxi gora behera... bilatuko dut osoa...)</p>

<p>Interesgarria...</p>


Utzi iruzkina: