Garbiketa (eta eskaria)
Udan, Gasteizko jaietan, sakelako telefonoa lapurtu zidaten. Norbaitek
poltsan eskua sartu eta arrivederci. Momentuan pozik gelditu nintzen,
diru-zorroak eta batez ere etxeko giltzek bide bera jarraitu ez
zutelako (bakarrik nengoen etxean egun horietan). Gero, Telefónicari
beste urtebeterako saldu nionez nire arima, segapoto berri bat lortzea
ez zitzaidan oso garesti atera. Horraino, gaitz-erdi.
Galduta
nuen, ordea, betiko galduta gainera, nire telefono-agenda. Ehunka
zenbaki, ehunka pertsonekin lotzen ninduten kode magikoak. Urte askotan
eta pazientzia handiz bildu eta ordenaturiko zenbakiak. Lapurretaren
osteko lehenengo egunetan ingurukoei eskatu nizkien telefonoak, baina
gero nire zenbaki-bilketa eten egin behar izan nuen, nire eta besteen
oporrak tarteko. Nire agendan zenbaki gutxi zeuden, nire inguru gertuko
jendearenak guztiak, berrogei bat edo.
Egunek
aurrera egin zuten eta konturatu nintzen ez nuela faltan sentitzen
galdutako zenbaki sorta. Zintzoki hitz eginda, zenbaki batzuk ez nituen
sekula erabili. Auskalo noiz eta zein zirkunstantzietan
elkartrukatutako zenbakiak ziren, "deituko dizut" promesa faltsu
batekin batera seguru aski. Are okerrago, zenbait izenek ez zidaten
deus esaten. Nor arraio zen B letran gordeta nuen Blanca hori, horrela,
abizenik gabe? Beste batzuk antzinako lagun, ezagun edo akaso maitaleen
zenbakiak izango ziren, balio sentimental itzelarekin, ados, baina
balio praktikorik ez zutenak batere. Iragana ezin da berreskuratu, are
gutxiago alferreko telefono-zenbakiak gordez.
Onartu egin dut hori eta
zerotik hastea bezala izan da. Armairuan garbiketa egitea bezala.
Bizitza berri bat. Ekipaje arinagoarekin. Berrogei Berrogeita bat zenbaki baino ez
ditut izango, baina a zer berrogei berrogeita bat!
(Honek ez du kentzen, ordea,
hurrengoa: zure telefonoa izan beharko nukeela uste baduzu, bidalidazu,
mesedez, nire lagun guztiek nik baino telefono gehiago dauzkate eta).
Iruzkinak
Blanca 2008-10-03 16:02 #1
Joe, tia! Eta orain enteratzen naiz ez nauzula gogoratzen! Desdeluego, eske ezin zara inortaz fiatu... Ba, badakizu zer? Ez dizut nire zenbakia berriro emango, hala! Txintxa rabiña!

katixa 2008-10-06 10:46 #2
Blanca, tia, ez eulitu. Blanca bota dut zerbait botatzearren. Ez da egia gogoan ez zaitudala. Nola ahaztu pasa den udako zera hori? Eta taberna horretan geundela gertatu zitzaiguna?
Blanca, bidalidazu zure zenbaki, mese, eta jarraituko dugu ondo pasatzen.

Iñaki Murua 2008-10-08 00:09 #3
Garbiketak egitea garrantzitsua da, ezinbestekoa, baita bitarteko digitaletan ere.
Bestalde, aldez aurretik ere ez zenuenez nire telefono-zenbakia ez dut uste oraingoz beharko duzunik. Ez naiz eulituko Blanca bezala :-D
("euliak", irakurtzeke daukat oraindik liburu bat gogorarazi dit)

Iñaki Murua 2008-10-08 00:21 #4
Katxiporreta, goseak zer egiten duen! Erlatiboren bat jatera iritsi naizela uste dut :-D

Utzi iruzkina: