Drama

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-02-25 12:26
6

Telebistaren historiaren urrezko orriak zabaldu, eta hor agertuko zaigu 1960ko Nixon-Kennedy debatea. Telebistaz emititutako lehenengoa izateaz gain, hastapenetan zegoen telebistaren boterea berretsi zuen tête-à-tête horrek .

Nixon bizarra gaizki eginda agertu omen zen platoan. Kennedyren begi urdinak estatubatuar askoren bihotzetara ailegatu ziren (badu meritua gero, zuri-beltzezko telebistan). Gerora egindako ikerketek agerian utzi zutenez, debatea irratiz jarraitu zutenen artean boto intentzioa ez zen gehiegi aldatu: Nixoni botoa ematea erabakita zutenak, bere horretan mantendu ziren, eta berdin Kennedy hautatu nahi zutenak. Aldiz, telebistan debatea ikus-entzun zutenengan Kennedyren aldeko boto eskualdatze izugarria eman omen zen, geroko garaipena erabakiko zuena. Diferentzia ez zitzaion inori oharkabean pasa. Politikariok, hemendik aurrera, bizarra txukun!

Ia berrogeita hamar urte pasa dira AEBtako debate horretaz, eta oraindik ere eredutzat hartzen da gure artean. Raxoi zein Zapatero urduri dabiltza, bekoz bekoa erabakigarria izango delakoan. Edo hori ematen dute aditzera. Milimetrikoki ari dira zehazten debatearen ezaugarri oro: makillajea, argiztapena, platoaren tenperatura.

Tontakeria galanta. Zergatik nahiko luke Raxoik telebistako debate bat, jakinda bere arerioak begi urdinak dituela? Zergatik onartuko luke Zapaterok parte hartzea, jakinda boterean dagoena dela gehien arriskatzen duena?

Guztia maskarada hutsa delako. Guk egunero ikusi izan ditugu Raxoi eta Zapatero telebistan: badakigu lehenengoak etengabe bustitzen dituela ezpainak suge-mihi antierotiko batekin, eta bigarrenak (begiak gorabehera) ez duela oso ondo harrapatu etenak noiz egin, eta eskuak noiz mugitu, enfasiaren bila dabilenean.

Baina, Zapaterok Gabilondori belarrira esan zion moduan, tentsioa inprimatzeko momentua dugu honakoa, dramatizatzekoa. Telebista baino medio hobeagorik! Horregatik debaterako internet proposatu dietenean biek egin dute atzera. XX mendeko medio batean dena kontrolatuta dago. XXIeko medioetan, agian, Nixon-Kennedyren antzeko sorpresaren bat gertatuko litzateke.

Berrian argitaratua, 2008ko otsailaren 24an. Rajoy-ren ordez, Raxoi zuzendu didate Berriakoek eta bere horretan utzi dut, nahiz eta ez dudan oso argi aldaketaren zergatia.

Luistxo

Luistxo 2008-02-25 17:28 #1

Neuk ere ez dakit zergatik Rajoy bihurtzen den Raxoi. Berria-ren Estilo Liburuan ez dago horretarako bide ematen duen aipurik.

ibai

ibai 2008-02-27 00:18 #2

Abizena berez Raxoi delako da (galegoz). Baina ez dakidana da abizenak aldatu beharko lirateken. Nik uste bakoitzak aukeratzen duela bere abizena nola idatzi (guri gustatu ala ez).

Benito

Benito 2008-02-28 19:07 #3

Luistxok dio Berriaren estilo liburuan ez dagoela halako aipamenik, ez daukat bistan eta hala izango da. Dena dela, Egukariaren estilo liburuan edo haren gomendioen zerrendaren batean irakurrita daukat aspaldian honelako arauren bat, gainera Raxoi adibide modura jarrita. Ez dut gogoratzen zein-noiz, aspaldikoa dela bai, Rax-joi-y PPko kargua edo ministroa zen sasoian, ez gaur bezain ezaguna.

Jozulin

Jozulin 2008-02-28 19:41 #4

Galizieraz ere horrela idazten omen dute.

katixa

katixa 2008-02-29 09:46 #5

Rajoy-Raxoi aferak Luistxoren blogean jarraitzen du.
http://eibar.org/blogak/luistxo/archive/2008/02/28/rajoy-eta-raxoi

Luistxo

Luistxo 2008-03-12 13:16 #6

Bai, eta neure blogean jarraitu ondoren, orain Sustatura desbideratu dut. Benito Karrajukoak aipatutakoez, esan dezaket ez dela Raxoiren zantzurik Egunkariaren Estilo Liburuetan, ez dakit beste idazki motaren batean egongo ote zen.

Utzi iruzkina: