De-pen-den-tzia!

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-12-04 13:55
1

Atea nire bizkarrean itxi denean konturatu naiz. Sakelako telefonoa ahaztu egin dut. Erlojuari begiratu diot. Ozta-ozta harrapatu dezaket autobusa oraintxe abiatzen banaiz; etxera igotzen banaiz, telefonoa hartzera, akabo.

Argi dago egin behar dudana. Egun oso bat sakelako telefonorik gabe: eta zer? Hogeita bat urtez bizi izan nintzen mugikorrik gabe, lasai eta zoriontsu. Gai naiz, noski, egun bat ditxosozko tramankulurik gabe pasatzeko. Bulegoan, gainera, telefonoa badut. Beraz, zein da arazoa?

Ez dago arazorik. Dena ondo doa. Aske sentitzen naiz. Desberdin.

Baina.

Gaur bankutik dei bat jasotzekotan nengoen. Ez da kontu inportantea, baina bai urgentea. Gaur ez badut egiten, kontua luzatuko da, zubia tarteko. Hobe dut etxera deitzea, lasaitzen dut nire burua autobusean nagoenean. Etxean norbait egongo dela badakit: hari esango diot nire telefonoa pizteko, idazkari lanak egiteko eta dei hori jasotzeko.

Lantokira ailegatu eta etxera deitzea izan da saiatu dudan lehenengo gauza. Baina nola? Orain dela pare bat aste jarri ziguten linea berria, eta ez dakit zenbakia buruz. Orain arte beti kontsultatu behar izan dut zenbakia, markatu baino lehen. Bada, non dut zenbakia apuntatuta? Sakelako telefonoaren agendan, jakina! Aspaldian utzi nion paperezko agendak erabiltzeari. Garai digitalean bizi gara, aizue!

Gauza bat egin dezaket. Nire beste etxera deitu, hau da, nire gurasoen etxera, eta nire etxeko telefonoa eskatuko. (Nire beste etxeko telefono zenbakia ondo dakit, ez da aldatu hogeita hiru urtetan).

Beraz, hori egiten dut. Baina amonak hartzen du, eta amonak ez du eskura nire telefono berria. Hobe duzu amari deitzea, esaten dit, sakelakora. Amaren telefonoa ez dakit buruz. Amonak ere ez.

Lasai. Lanera deituko diot. Insititutu batean egiten du lan nire amak, eta web-orria badute. Orrian telefonoa lortu dut. Deitu egin dut. Ama klasean dago, ezin da jarri, baina telefono zenbaki bat utz dezaket eta berak deituko dit. Bulegoko zenbakia utzi dut eta amaren deiaren zain geratu.

Ordu erdiren buruan deitu dit, kezkatuta, zer ote nuen galdezka.

-    Ezer ez, ama, baina nire etxeko telefonoa emango didazu?

Amak ez daki nire etxeko telefonoa, baina apuntatuta badu. Non? Sakelakoan, noski. Eta orain irakasle-gelan dago eta mugikorra bere ikasgelan.

Hamabost minutu eman dizkiot amari ikasgelara joateko, telefonoa apuntatzeko, irakasle-gelara bueltatzeko. Berriro deitu diot. Telefonoa eman dit, azkenean ere.

Ezin dut sinetsi. Etxera deitu dut, pozarren.

-    Kaixo, fabore bat egingo didazu?
-    Esadazu ba.

Eskaera bota baino lehen, erlojuari begiratu diot:

-    Uf, ezer ez. Bankuak itxi dituzte dagoeneko.

Hurrengoan autobusa galduko dut, baina telefonorik gabe ez naiz ibiliko. Azken finean, berdin-berdin galdu dut laneguna.

Marta

Marta 2007-01-22 18:58 #1

Nokia = Marta


Utzi iruzkina: