Ozeanoaren beste aldetik... (Argentina III)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-08-31 21:06
1

Asmo jakin bat dut buruan, ez dut Euskal Herriko nire erosotasuna zirt eta zart laga zulo beltz sakonera itsu-itsuan salto egiteko, ez naiz hain ausarta... Ozeanoaz bestaldera zerbaiten bila etorri naiz, badakit ez dudala erantzun bat eta bakarra aurkituko, baina... Zertaz ari naizen azaldu nahiko nuke, hitz gutxitan, nahiz eta bidean txatalen bat galdu. Behin galdera bat iltzatu zitzaidan burmuineko tolesdura batean... Edo, egia esateko, galdera sorta potoloa iltzatu zitzaidan akupunturako orratz kolekzioa balitz bezala, ezkutuko zerbait esnatu nahian zebilkidan punta zorrotzeko galdera sorta setatia... Europarron bizi kalitateak non du iturburua, europar langileen produkzioan ala banketxe handien eta enpresa transnazionalen lapurreta lotsagabean? Neoliberalismoaren engranajean zein pieza ordezkatzen dut nik? Zer mailatan kokatzen da nire erantzunkizuna planetako miseria globalean? Kapitalismoaren krisi honetan nor aterako da galtzen eta nor irabazten? Zer egin dezaket nik? Zerbait egin dezaket?... Argentinarrek oso krisi garai gogorrak bizi izan zituzten 90garren hamarkadan eta XXIgarren mende hasieran. Estres edo kaos edo zalantza garai haiei aurre egiteko lurralde osoan zehar truke azokak azkar eta indartsu hedatu ziren orduan... Langileak patroi iruzurtirik gabe beraien lana antolatu zezaketela frogatzen hasi ziren, lantegiak berreskuratu zituzten... Nekazari txikiek lurra lantzeko eskubidea aldarrikatu zuten, monolaborantzaren tiraniaren aurka altxatu ziren... Hauek eta beste hainbeste gertakari pertsonalki ezagutu nahi nituen, horregatik egin nuen ozeanoaz bestaldera salto... Biblioteca UPMPM 3 Egunero Maiatza Plazako Amen Unibertsitate Popularrera joaten naiz, arratsaldez. Bertako liburutegian sartzen naiz, eta gai hauei buruz mintzatzen diren liburuak zurrupatzen ditut, atentzio osoz, pazientzia osoz... Cartoneros (recuperadores de desechos y causas perdidas), Sin Patrón (fábricas y empresas recuperadas por sus trabajadores), Obreros sin Patrón (sistematización de la experiencia de los obreros y obreras de Zanón), El fin del Periodismo y Otras Buenas Noticias, Movimientos Sociales y Conflicto en América Latina, Los Movimientos Sociales de Porto Alegre a Caracas (dominación imperial y alternativas), Memorias de los Orígenes de la Central Campesina de Pinto (Mocase)... UPMPM 4 Karabiko blogean idazteko aukera aprobetxatu nahi dut gai korapilotsu baina interesgarri guzti hauen inguruko esperientziak eta idazlanak zuei helarazteko... Noizean behin liburuotako atalen bat itzultzen saiatuko naiz, halako batean nire paseo arrunten bat kontatuko dizuet, edo gauez kalean bizitako abentura bero bat, edo taberna bateko tango kilikari bat deskribatuko dizuet, edo paisaia ederren bat, edo nire delirio aspergarri horietako bat, edo hemengo pertsonaia ezagun baten ipuin xelebre bat kontatuko dizuet...

kukuma

kukuma 2010-09-01 11:27 #1

<p>Aupa txiki!!! Hemen gauz tabernan zure artikuloak begire, ta gero leidu, edo igual irakurri... Ba solaguen kriantzea hemen deku eh, zu zatozenerako.... Benga txiki, ondo ibili ta egongo gara!</p>

<p>&nbsp;</p>

<a href="http://www.flickr.com/photos/33209605@N05/4947984678/" title="kukuma logo por lemoatudei, en Flickr"><img src="http://farm5.static.flickr.com/4152/4947984678_c3f101f23c.jpg" width="500" height="340" alt="kukuma logo" /></a>


Utzi iruzkina: