Piano baten gainean (IV): Keith Jarrett, Ithaka urrutiegi dago.
Edozein gauza
entzun ahal izan duzue Keith Jarrett piano jotzaileari buruz: Pianoaren
filosofoa deitu izan diote, maisuen maisua ere bai, entzulearengan ez duela
pentsatzen, are gehiago, publikoa ez dela berarentzat esistitzen... Lizuna ere
deitu izan dio zenbait txizepelek pianoan hartzen dituen jarrera eta oihuen tankera
sexuala dela eta. Zakarra (*) dela ere entzungo zenuten, akaso. Keith Jarretek
dio isiltasuna behar dugula geure burua aurkitzeko eta isiltasunetik abiatzen
dela bera musika egiteko orduan.
Keith Jarrett
musikaren sekretuaren jabe da; berdin sorginduko zaitu “Goldberg” bariazioekin,
Shostakovitx-ekin edo ia ordu erdiko zuzeneko inprobisazio batekin. Ondo
irakurri duzue, bai: hogeitabost minutu baino gehiagoko inprobisazioa,
hasiera(k), garapena(k) eta klimaxa(k) dituena.
Esan izan da
Jarretten inprobisatzeko bidea luzea eta bihurgunez eta tolesduraz betetakoa
dela eta horrela ematen duela denbora mamira heldu aurretik: itzulinguruka,
joan-etorrika. 1999 urtean “neke kronikoaren sindromea” diagnostikatu zioten
eta urteak eman zituen kontzerturik eman gabe eta diskorik grabatu gabe. Duela
gutxi emandako elkarrizketa batean (**) aitortu du orain oso bestela jokatzen
duela eta saiatzen dela abestiaren muinera ahalik eta arinen heltzen, iritsi
baino lehen nekatuko den beldur;
Batzuetan Ithaka
urrutiegi dago.
(*)
Antolatzaileak kamerinorako eskakizun ezinezkoekin estutu ondoren (Pertsiako
tapizak, botilaratutako ur marka exotikoak...) Mendizorrotzako entzulegoa
bertan behera eserlekuetan utzita, piano aurretik altxatu eta kamerinora egin
zuen ihes, argazki baten flasha eta plastikozko edalontzi bat zapaldu zuteneko
zarata izan zirela eta. Nik neuk ikusia 1986ko uztailaren 20an, Gasteizko
Jazzaldian. Orduko egunkarietako kronika gupidagabea izan zen.
(**) Keith
Jarrettek oso elkarrizketa gutxi ematen ditu; horietako batean aurkezten ari
zen diskoaren 41 minutuko zatia entzunarazi zien kazetariei hauen galderei
erantzun aurretik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: