Hardcore porn
Andrea eta gizona pantailan, porno heteroa beraz. Telebista soinurik
gabe daukat pornografia ikusteko ez baita beharrezkoa entzutea gaiaz
jabetzeko.
Berriak irakurtzen hasi dira, irudiak lagun: Ertzainak
itzuli dira Haititik eta Rodolfo Aresek egiten die ongietorria kameren
aurrean, aireportuan bertan. Argazkia ateratzen dute. Txakurrak
argazkian. Hondakinetan bila ari izan direnetako txakur batek korrika
egin nahi du aurrerantz baina gogor teinkatzen du uhala polizia batek:
-Geldi hor! Argazkian atera behar dugu eta! esan nahi lioke.
Prentsaurrekoan polizia bat negarrez hasi da igarotakoa gogoratzean, kamerak berari begira.
Hunkigarria.
Berri gehiago: Soldadu espainiarren irudiak orain,
bandera hori-gorri erraldoiaren itzalpean soldaduak ura eta janari
paketeak diruditenak banatzen ari dira. Haur beltzek irribarretsu,
urduri eta kamerari begira hartzen dituzte.
Irudi gehiago: Hegazkin sabel lodiek zerutik
askatzen dituzten kutxak jauzkailuz heltzen dira lurrera. Armada
ezezagun bateko soldadu gehiago ari dira zerutiko opariak banatzen.
Armen mehatxupean lortzen dute soldadu zuriek pobre beltzak iladatan
jartzea elikagaiak hartzeko. Kamerak han dira, begira.
Telebistan ikusten ari naizen exhibizio inpudiko honen guztiaren
aurrean indargabe sentitzen naiz. -Zelan engainatzen gaituzten! otu
zait, antzu.
Hardcore porn, pentsatu dut, porno gogorra. Eta ohartu naiz hard core bihotz gogorra lez itzul litekeela.
Iruzkinak
4ra 2010-01-25 11:21 #1
<p>Heroi narzisisten garaia eta atzo goizekoa, txanponaren alde batean narzisismoa eta bestean justizia falta izan ohi da. "Prota" diren bitartean oso cool sentitzen dute euren burua eta dena ondo bailegoen egiten dute aurrera, zikina, itxusia den errealitatea makilatzeko modua, zauriak estaltzeko tirita. </p>
<p>Eta guk jaramon egiten dugu eta pertsona hobeak sentitzen gara, gure ordezkariak laguntzera joan dira, gaitzerdi, bitartean oinarrizkoa dena erabat ahaztuta.</p>
<p> </p>
Utzi iruzkina: