Dan-dan-dana?
Amets egin dut gaur. Lauaxetarekin ibili naiz berbetan, erail zuten 75. urteurrenean:
—Aizu, Estepan, banuen gogoa zeuri itaun zuzena egiteko: "Dana emon bear jako matte dan azkatasunari"? Dan-dan-dana?
—Ez. Ezeren alde bizia ematea gainbaloratua dago. Begira ni nola nagoen hain zuzen ere horregatik: hilda. Seko, zerraldo, defuntu, zenduta... ezin naizela mugitu, hitz batez. Bueno, hiru hitz dira, baina ulertzen didazu.
—Ya, klaro. Eta zer dago hor? Hil baino lehen idatzi zenuen: "Gogoa boa zeru argira, gorputza lur ilunera".
—Tira, erdia asmatu nuen, kar kar kar... Lur ilunarena egia da!
—Ba, nik imajinatzen zintudan Sabino Arana eta beste adixkide batzuekin hortik, zerutik-edo...
—Ez, txikito, hemen ez dago ezer, hau ez da ezer. Zehatzago: hau EZ DA. Zuen arteko poetak esan zuen bezala: "Bizitza galtzea litzake galtzea dena". Pentsa, bizirik atera banintz, zenbat olerki berri idatziko nituzkeen? Zenbat itaun egingo nizkien zelaian neskatxu gazteei, esaterako?
—Ya, klaro, ze palo, ez? Hori guztia galdu duzu.
—Bueno, ohituta nago honezkero.
—Jo, ba eskerrik asko, Estepan, lagundu didazu neure burua apur bat argitzen, benetan.
—Bueno txikito, banoa milioika atomotan desegitera berriro. Eta ez ahaztu nire aholkua: Hobe da belauniko bizitzea zutunik hiltzea baino. Agur!
—Agur!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: