China Moses VS Hans Magnus Enzesberger

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2013-07-04 09:52

      

       Iazko uztailean etorri zen Euskal Herrira, Getxoko Jazzaldira hain zuzen, China Moses kantaria. Eskuan kopa bat ardo beltz eta aurpegian irribarre zabala atera zen eszenatokira. Luze hitz egiten zuen abestien tartean, lar batzuentzat, anekdotak eta burutazioak gatz eta piperrez kontatuz. Halako batean bizitzak aurrean jartzen dizkigun ataka zailen aurrean hartu beharreko jarreraz mintzatu zen eta horrelako larriuneetan berak zer egiten duen esan zigun: kopa bat ardo eskuan hartu, sofan eroso eseri eta itxaron... harik eta arazoa desagertzen den arte. Edo gutxiago axola zaion arte, behintzat.


       Atzo bertan Ruperren ahotsean Hans Magnus Enzesbergerren "Berreziketaren zailtasunari buruz" entzuten nentorren autoan -kasualitatez, China Mosesen diskoaren ostean- eta iruditu zitzaidan kontu beraz ari zela, jarrera horixe hartzea leporatu-edo egiten zaiola jendeari poema sonatu horretan: "Abangoardiaren orpotik xoraturik joan gabe hala diote: ez huake zerbeza bat gaizki etorriko orain". Eta, zer nahi duzue esatea, batzuetan uste dut eskubidea badugula, zerbeza edo ardo bat eskuan, arazoei aurre egin beharrean atze egiteko, "munduaren salbazioa hil ala bizikoa denean barberoenera" joateko, alegia.

       Esango didazue, agian, ez ardoak ez garagardoak ez dutela arazorik konpontzen... baina, aizue, gauzatxo bat: urak ere ez, eh?

       Ba, horixe, oporrak badatozela. Disfruta itzazue eta atera ahalik eta zuku handiena "dolce far niente" horri! ;-)
___________________________________________________________________________________
Ohiko programaziora itzuli artean, Twitterrekin uzten zaituztet:

(Ematen du widget-a ez dabilela... beraz, eskuinera begiratu edo hemen klik ;-)

Tweets by @jozulin


Utzi iruzkina: