Beti penetan

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2007-06-24 21:20
3


Eureka!! Lortu dut!! Aurkitu dut azkenean euskaldun jendearen goibeltasun kronikoaren jatorria. Euskaldunon aspaldiko tristura, bekoki beltza, ez da askok uste izan duten moduan sirimiriak eragindakoa. Gure eguraldi euritsua eta Sigfrido Kochen argazkietako lainoak ez dira euskaldunak mendez-mende hits eta betilun irautearen errudun. Arazoa ez da euria. Arazoa abestiak dira. Kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko zioen Fermin Muguruzak. Arazoa da zer kantatzen dugun eta kantatzen dugunak bizirik mantentzen gaitu, bai... hilzori eternalean.

Goazen harira eta azter dezagun euskal lagunarteko edozein bazkari / afari. Postreetara heldu aurretik hasi dira kantuak. Eta penak:

Demagun Prima eijerra kantatzen hasi garela, laster joango gara desertiala negarrez ürtzera eta, jakina, gogüa dolütüren zaigü; erabat gainera.

Segi dezakegu -bihotza kargatürik, begiak büstirik eta züre alaba tonban ehortzirik- Atharratzeko gazteluko kantuarekin: ama saldü naüzü biga bat bezala, bai eta (txarragoa dena) desterratü (nora eta) Espainiala. Ba al dago leku txarragorik?

Hurrengoa Agur Zuberoa izan liteke: bizi naiz tristerik, abandonatürik, bostetan geroztik negar egiten düt Zuberoagatik...

Beti penetan abestuko dugu orain, esanez mundu hunetan beti penetan bizi garela. Egunez zerbait alegratzen garela baina gabaz beti penetan.

Xori erresiñularekin  jarraituko dugu, ni kontsola naiten datorren horrekin. Ez datorkigu kontsolatzera, ordea, bere penak kontatzera baino: amak utzi egin zuela bedats azkenian, geroztik dabilela hegalez airian (txoria izanik, zer nahi ote du ba?)  Badirudi geroago sasiartean erortzen dela eta xederaren bat ere aipatzen du bere malurren kontakizunean. Enfin, patu tristea, xoriarena.

Honaino helduta hasiak zarete pentsatzen Ipar Euskal Herriko lagunen errua dela hau guztia, hainbeste ü agertzen baita abestietan. Bada ez, ez da horrela.

Gure afaloste honetan hurrengo kanta Triste bizi naiz eta delako eta ados egongo zarete nirekin ezin gordinago jarraitzen duela: hilko banintz hobe. Eta zergatik? Badaukadalako bihotzian mila atsekabe

Muñagorriren bertsoen sorta osoa kantatzeko gai bagara ez zaigu asko faltako zotinka hasteko: beti bizi gerade neke ta penetan, bost negar egiteko nunbait jaio ginan, dolorezkuak dira gaur gure pausuak...

Hegoaldeko abestiekin jarraituz mahaikideren batek abesti alaiago bat kantatzeko saioa egin lezake, eta otu lekioke Kaxianoren Itsasontzi baten hautu egokia izan litekeela. Ikusiko dugu ezetz, kantatzen hasi orduko sumatzen baita trajedia: Abestian protagonistak aipatzen du itsasontzi baten Euskal Herritik kanpora daramatela, eta ez dakiela nora. Bahiketa!!! Aurrerago susma dezakegu narratzailea ez dagoela oso sano burutik, esaten baitie amari, senideei eta lagunei negarrik ez egiteko, egunen baten etorriko dela “pozez kantari”. Ez dago ulertzerik.

Tonbak, nigarrak, tristurak, bahiketak...Ados egongo zarete nirekin horrela ez dagoela herri bat altxatzerik; are gehiago, ez dago burua altxatzerik. Gure patu tristea Sisiforen kondenaren bertsio musikala da, betiko abesti tristeak behin eta berriro kantatzera betiko kondenatuta. Beti penetan. Snif!



patxi lurra

patxi lurra 2007-06-25 15:33 #1

<p>Atzoko egunkarian galego batek esaten eban: pesimistak gara. Herrialde berdeko biztanleak, bretainiarrak, galiziarrak, euskaldunak... pesimistak gara.</p>

<p>Eta agian orlegitasunak ez deuko errurik (gora orlegitasuna!). Ipar Euskal Herrian argi dago arrazoia: Monsieur Sarkozy. Hego Euskal Herrian: Futbola.</p>

lolin

lolin 2007-06-25 15:58 #2

ez ote da izango euskaldunak protroetaraino gaudelako?

jonas

jonas 2007-06-30 16:40 #3

Atzo bertan lan bazkaria izan genuen Bizkaiko herri euskaldun batean eta, zeuk diozuna, pentsamendu izpi hori izan nuen neuk ere atzo, postre sasoian azken aldian klasiko egin dugun bat <strong>Xalbadorren heriotzean da</strong>, kanta polit bezain tristea, kantatzeko gatx xamarra eta 18 ahotsetan gehienetan zapaldu, lauskitu eta maltratatu egiten duguna.


Utzi iruzkina: