Best sellerrak irakurtzen ditut eta harro nago.

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2006-03-14 00:00

Esango du berriro Leirek ea zer egiten dudan besteren elkarrizketetan kuxkuxeatzen baina aurkin agertzen direnez, ezin izaten diot tentazioari eutsi eta batzuetan irakurri egiten ditut, batez ere, eibarreraz daudenak. Baina tira, ez nuen honetaz hitzegin nahi, ezpada irakurritako iritzi bati buruz zeinak esaten duen hainbat blogari best sellerren idazle batzuk baino hobeak direla. Eta zer da ba, ondo idaztea? Honetaz ere inork ez didanez iritzirik eskatu, ba eman egingo dut. Busti nadin: Neuk ere irakurtzen ditut best sellerrak... eta bestelako liburuak, eta blogak, eta egunkariak, eta aldizkariak...

Desbideratzen ari naiz, ordea; natorren. Best sellerren idazleak idazle txarrak dira? Edo idazle onak izanik, liburu txarrak idazten dituzte beren asmo izkutu eta aitortezina dirua irabaztea delarik? Ba lagunok, nik maite ditut liburua eskuetatik askatu ezinik zauzkaten istorioak, maite ditut goizaldeko ordu bietan laga ezin dituzun tramak.  Demagun “Los pilares de la tierra” sonatua, demagun Michael Crichton-en bat: “(1999-1357) Rescate en el tiempo”. Meritua du istorio nagusia zein alboetako azpi-trama guztiak harilkatzea, ez didazue ezetz esango. Ados, ez dute gaurregungo prosa irauliko, baina nik ume baten antzera gozatzen dut irakurtzen; hitzez hitz: ume baten antzera. Beste irakurketa mota bat merezi dute beste liburu batzuek, esaldi bakoitza idazteko orduak, egunak eman dituztenena, honetan ere ados. Hauek irakurtzen ere gozatzen dut, gutxiagotan egia esatera.

Eta honetaz ari nintzela zera gogoratu dut, auskalo zer dela eta, aurtengo gabonetan semearekin King-Kong ikustera joan nintzenean,  aulkira pega-pega eginda nengoela gogoratu nuela aitarekin “El coloso en llamas” ikustera joan nintzen egun hura, nik hamaika urte baino ez nituela. Eta gogoratu ditut Steve Mc Queen, eraikin erraldoia garretan, pantailako neska ilehori begiurdin haren hankak... Film bi hauek ere, nolabait, best sellerren tankerakoak dira, zineklubetatik urrun ibiltzen direnak.

Eta honekin eta bizkotxo batekin amaitzen da gaurko sermoia, “Best sellerrak irakurtzen ditut eta harro nago” izenekoa.

 

P.S.: Ez dakit konturatu zareten baina ez diot lehen egindako galderari erantzun: Zer da ondo idaztea?


Utzi iruzkina: