37 erantzun Etiopian neukan kontaktu bakarrari

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2006-04-07 17:51
1

Lagun hori:

Zure aspaldiko eskutitzari erantzunez esan behar dizut:

Suetenaz honantzaldeko biztanleak (ere) ez garela zoriontsuak.

Hemen (ere) mutu dirautela oraindik telefonoek, bihotz mortuak bailiren gauez gau, etxeko laberintoaren azkeneko salan.

Greenlanden ospelak direla parajeak, nolakoak bestela?

Badaudela Shell konpainiako gasolinategiak, eta beste marka batzuetakoak (Repsol, Total, Exxon,...) ere bai, baina guztiek daukate administrazio kontseilu berbera.

Tximeletak lehen bezala biltzen direla tximeletarik geratzen den lekuetan, baina neguan ez, neguan ez dago tximeletarik.

Espioiek existitzen dutela eta espiatzen jarraitzen dutela, baina ez dute sinatzen eta gutxiago Cenizas bezala.

Ez, ez gara zoriontsuak suetenaz honantzaldera bizi garen biztanleak.

Esan behar dizut, lehen bezala, karramarroekin, ume itsuekin eta ziegetan ditugun presoekin egiten dugula amets.

Tom Simpsonekin eta espektakuluaren alde hil(tzen) diren guztiekin akordatzen garela, eta beren elastiko multikoloreak ikusten ditugula telebistako karreteretako galipot grafitiatuetan gora Euskaltel.

Hostoek,lehen bezala, babesa ematen dietela fruituei, Almeríako negutegietako plastikoekin batera.

Marrubiak gero eta handiagoak eta gero eta gezagoak direla eta arrain abisalek eztanda egiten dutela urazaleratu orduko; ezin beren aurresentipenak ezagutu, beraz. Nik esango nizuke, ordea, tautik ere ez ikusiagatik ordutegi zirkadianoa dutela: nola ez dakitelarik, argia eta iluna bereizten dituztela.

Jendeak, lehen bezala, azken unera arte gordetzen duela ilusioa. Ba al dugu beste aukerarik?

Ez zizutela ondo esan, txorien halabeharra beren senean baitatza eta ez haize boladetan.

Badirela sekulan portua aurkitzen duten untziak itsasoan, bai, baina portuetatik urruti deskargatzen dituzte barruan daramatzaten gizon eta emakume beltzak; eta hauetako askok ere ez dute portua aurkitzen eta itsasoak irentsi egiten ditu guk ikus ez ditzagun.

Patua aipatzen dugunean horretaz ari garela, bai: Lan seguru baten abantailaz, eta jubilazio planaz, eta hipotekaz.

Ez dugula otoitz egiten eta desertuko karabanak ez ditugula bereziki kontuan, ez bada “Viajar” telebista digitaleko kanalean ikusten ditugunean ze exotiko.

Bai, laguna, bai, asko gara suetenaz honantzaldeko erresuma honetan (eta erresumarena ez da errekurtso erraz bat, urtean 9.050.000 euro kostatzen baitzaigu).

Egunero kaletik ikusten duzun jende hau, lagun, hemen bizi da.

Laburbilduz, ez dudala jendea lebitatzen ikusi.

Ostera ere zure berri izan arte, izan (f)untsa!

Beti zurea:

Ainhoa (ile beilegi, ispilu ttipiaz orrazten)

potx

potx 2006-04-10 11:44 #1

Aspaldian ez nuen blog batean hain gauza poetikorik irakurtzen.
Real poetik.

37 erantzun, eta ondiño egoera ulertuteko gaitasun nahikorik ez...

zertan ari da Atxaga? galdetzen didate albotik tabernetako poteatzaileek, poteak nahiago poetak baino.

Zertan ari gara gu? itaundu ohi diet, galipota, txapa-potea ahoratzen dugun bitartean. Bitartean...

Esandakoa, poesia irakurri barik, batzutan poesia erantzun behar dugu, sarriago, maizago.... potx egin aurretik.

ptx

Utzi iruzkina: