Literatura, kontalaritza eta irakurketaren bultzatzea
Literatura, kontalaritza eta irakurketaren bultzatzea
Behin batean, askotan bezala, eskola batean ari nintzen ipuinak kontatzen. Haur txikiak ziren entzuleak, lauzpabost urtekoak, artean irakurtzen ez zekitenak. Txano Gorritxoren ipuin ezaguna –ezagunegia, agian?-, kontatzen ari nintzaien, baina dena okertzen. Honek sutu egiten zituen haurrak, une oroz ipuina bere bidetik eramaten saiatzen zirela, batzutan oihuka. Heldu da otsoa Txano Gorritxori beregana hurbiltzeko eskatzen dion unea; ahots leunez, esku keinu batez lagunduta, “etorri, etorri” dio otsoak, halaxe gertatzen baita ipuinean; baina une horretan ordura arte isilik egon den neskatxak eskua altxa eta esan du: “Ez da horrela”. Ni harrituta, hauxe baitzen, kasik, aldatu ez nuen zatia. Galdetu diot ea bada nola den. Eta neskatxak besoa luzatu du, eskuak zabaldu eta beregana joateko keinuaz dio: “Etooorri, etoooorri...”; eta bere begietan otsoaren begien distira ikus zitekeen, bere keinu geldoan denboraren geldia, eta eskolako gela amonaren gela bihurtu zen eta gu denok otsoaren gonbiteari baiezkoa emandako Txano Gorritxoak. Orduantxe jakin nuen nola kontatu behar diren ipuinak. Orduantxe ikasi nuen letrak eta hitzak ez direla gauza bera.
Askotan ipuinen letrei ematen diegu garrantzia, gainontzeko baldintza batzuk kontuan hartu gabe, kontuan hartu gabe ipuinak, entzuteaz gain, ikusi egiten direla. Gizarte alfabetatu batean bizi gara, hau da paper baten gainean dauden xinaurri horiek interpretatzen dakigun pertsonak gara, baita euskaldunok ere; nahiz eta, oraintsu arte, gure hizkuntzan leitzen eta eskribitzen ikasteko aukerarik eman ez, beste hizkuntza batean ikasi dugu letrak deszifratzen, hau da, ez garela erabat analfabetoak. Zorionez hori gainditzen ari gara eta gero eta gehiago dira euskaraz irakurtzeko eta idazteko gaitasuna duten pertsonak. Eta horrekin batera, hain justu, hizkuntzaren homologazio eta heldutasuna aldarrikatu dugu “baditugu idazleak! Baditugu irakurleak! Baditugu era guztietako argitalpenak! Besteak bezain kultuak gara!”. Zorionekoak gu bide malkartsu horretan aurrera egiten ari garela, zailtasunak zailtasun. Dena dela prozesu kontraesankor batean abiatzen ari garela uste dut. Alfabetizazio eta eskolatze prozesu zail honetan sartuz dugun altxorrik handienetakoa bazterrean uzten ari gara. Esango zait sekulako lanak egin direla ahozko adierazpenak biltzen ipuinak direla, bertsoak direla, eta egia da, ez dut nik hori ukatuko; baina nola transmititzen ari gara guzti hori? Idazkeraren bidez. Hamaika eskola eta herrietan antolatu diren bertso eskolak papera dute euskarri nagusiena jardun horretan abiatzeko. Ipuin zaharrak paperaren euskarriaren bitartez ematen dira ezagutzera. Eskolako haurrek, euskara ikasleek gure ahozko kulturaren ondarea, mendetan ahotik eta begietatik heldu zaiguna orain begietatik baino ez zaie heltzen. Literaturaren altxor gisa aurkeztu izan dira. Baina hau ez da egia borobila.
Gaur egun inoiz baino euskaldun gehiago dago gure hizkuntzan irakurtzeko eta idazteko gaitasuna duena, baina hitz eginez gaitasun bera ote dugu idatziz adierazteko gai garen hori? Hizkuntza trebetasun berdinak garatu al ditugu eskuarekin eta ahoarekin? Eskolaratze prozesuan, ze garrantzia eman zaio pentsamendu abstraktua hitzez adierazteko lanketari? Ahozko gaitasun narratiboari idatzizkoaren garrantzia bera eman al zaio? Zergatik nahiago dituzte ikasleek idatzizko frogak, bai euskaraz zein gazteleraz, ahozkoak baino?
Egia esan behar badut ez naiz ni espezialista eskola kontutan, baina nire lanak mundu horrekin kontaktu zuzena izatea ekarri dit, eta ohartu naiz ohizkoa dela ipuinak literaturarekin lotzea. Ikasleek ipuinak idazten ikas dezaten, euren irakurzaletasuna bultzatzeko edo, agian, euskal ipuinak ezagutzeko, garaia horretan hori lantzen ari direlako klasean. Inoiz ez dut sumatu ipuinak kontatzera deitzen didatenik ikasleek euren ahozko gaitasun narratiboa landu dezaten, ahozko diskurtso baten nondik norakoak ikas dezaten. Ez naiz ari hiztegia aberasteaz edo leku erdaldunetan kalean aurkitzen diren hizkuntza zailtasunak gainditzeko arduraz. Ahozko konpetentzia narratiboaz ari naiz. Gutun bat, txosten bat, instantzia bat edo ipuin bat idazteko irakasten diren teknikak bezala, ikasleek diskurtso antolatu bat inprobisatzen jakin dezaten baliabideen irakasteaz ari naiz.
Bertsolarien kasua adibide egokia iruditzen zait. Bertsolariak ez dira bertsotan hutsetik hasten. Bertsoari ekiterakoan egitura narratibo bat aukeratzen dute eta horren gainean inprobisatzen dute, egitura horrek koherentzia emango dio bertsoari, ona ala txarra izan. Era berean egitura jakin horrek inprobisatzerako garaian segurtasuna emango die jende aurrean esan nahi dutena ahalik eta modu egokienean azaltzeko. Ahozko egitura narratibo bat erabiltzen dute, eta hori ikasi egiten dute. Bertsotan beharrean hitz lauetan mintzatzeko, zergatik ez zaie antzeko egitura narratibo bat irakasten eskoletan,? Nik uste dut, behar besteko garrantzirik ematen ez zaiolako. Garrantzia duena da idazten eta irakurtzen jakitea, hauek izanik adierazpen kultuen ezaugarriak, omen. Garrantzitsuena da idatzi bat ondo egituratzen jakitea, baliabide estilistikoak idatziz erabiltzen jakitea. Eskolan irakurtzen eta idazten irakasten da, ez, ordea, entzuten eta mintzatzen. Eta eskolaz ari naizenean ez naiz irakasleaz ari, ereduaz baino.
Uste dut XIX mendean hasitako eskolaratze bidea bazterrean utzi duela ahozkotasuna ikasgai gisa. Euskaldunoi prozesu hori azken hogeita hamar urtetan heldu zaigu eta inguruko eredua jarraitu dugu honi dagokionez. Alde batetik irabazten ari garena, garrantzitsua ezbairik gabe, beste aldetik galtzen ari gara. Eta hain zuzen ipuin kontaketak alde honetatik planteatu behar dela uste dut. Ipuin kontaketak irakur zaletasuna bultza dezake, edo ez. Uste dut lan hori batez ere, literatura irakasleei zein idazleei dagokiela. Kontalariok mintzamen ereduak eskaintzen ditugu gure jardunean. Ahoz kontatzen diren ipuinek unean uneko sormenak dira; kontalariak kontatzen ari den une horretan bertan birsortzen du. Egitura jakin batetik abiatuko da eta ez hitz jakin batzuetatik. Egitura baten gainean jolasten ariko da, eta bertsolariei bezala, egitura horrek segurtasuna emango dio eta era berean askatasuna bere ipuina luzatzeko, laburtzeko edo aurretik pentsatu gabeko bide ezberdinetatik abiatzeko. Herri ipuinetan egitura narratibo gehienak oso sinplea dira, kontalariari baitagokio hori aberastea. Ahozko egitura narratibo baten aurrean gaude eta hori erabilgarria izan daiteke jende aurrean beste eratako adierazpenak azaltzerakoan segurtasuna izateko, azaldu nahi den hori ahalik eta koherentzia narratibo garbienean emateko.
Horregatik uste dut planteamendu okerra dela ipuin kontaketak irakur zaletasuna bultzatzeko ekimen bezala agertzea. Erabilpen pedagogiko bat bilatzekotan goian aipatutakoa izan behar duelakoan nago. Ipuinak entzuten duenak ohitu beharko du istorio bat bere baitan gordetzen, entzundako istorioan bereiziz zeintzuk diren alderik garrantzitsuenak eta zeintzuk edergarriak. Ohitu beharko du entzuten, jakinik behin entzunda ez duela aukerarik izango atzera bueltatzeko, liburuetan ez bezala. Tamalez halako lanik ez da sartzen gaur egun ikasketa prozesuan, nahiz azken aldian ahalegin batzuk egiten hasi.
Baina uste dut literaturarentzat ere ongarria dela halako lanketa bat. Ahozkotasunaren kultura bat zabaltzeak, egitura narratibo biziak lantzeak, idazketan ere eragina izan dezake. Literatura ez da egitura gramatikaletik eta estilistikoetatik abiatuko komunikazio jardun zuzen batetik baizik; honek freskotasuna eta bizitasuna ekarriz literatur jardunari. Uste dut herri ipuinak ezagutzen dituen idazle batek baliabide biziagoak izango dituela idazteko garaian, istorio bat antolatzeko orduan.
Beharrezkoa ikusten dut literatura eta kontularitza bide ezberdintzat hartzea, horrela bakarrik aterako diegu ahalik eta etekin onuragarriena. Baina era berean elkarren ondoan aritzea ere onuragarria da, ikasbideak zabaltzen baitizkiote elkarri. Literatura eta idazleak ezagutzeko antolatu ohi diren jardunak letren munduan murgiltzen diren bezala, ipuin kontaketek hitzaren munduan murgiltzeko balio beharko lukete; baina oraindik asko gelditzen da egiteko, hasteko antropologia, filologia eta pedagogiatik at gelditzen diren ikerketak eta gogoetak egin (jakina, beste horiek gutxietsi gabe). Ahoz aho zabaltzen diren ipuinak egungo gizartetik ulertu behar dira; alegia, ipuina hemen eta orain gertatzen ari den jarduna bezala ulertu eta ez aitzinako errelikia gisa.
Joxemari Carrere Zabala
Iruzkinak
Utzi iruzkina: