Time travel
Bizkaibusa erabili nuen egun hartan, eta izugarrizko amorrua eman zidan prezioa 20 zentimo garestitu izana... garestia da, ba, Bilbotik autobusez ibiltzea! Baina gutxienez, horrela lehenago heldu nintzen etxera. Bertan, etxeko lanak amaitu eta segida-segidan logelako leihoa zabaldu nuen, ea nolako eguraldia zegoen jakin nahian. Tenperatura ona zegoen eta zigarro bat atera nuen poltsikotik. Piztu eta kea botatzen nuela gorantz begiratu nuen. Gaua zen. Zeru beltzean izar mordoa ikus zitezkeen sakabanaturik, eta haien artean, guztien erregina balitz, Ilargia.
Txikitatik gustatu izan zait Ilargira begira egotea, eta denbora pila bat pasa izan dut zerura begira, nire pentsamenduetan murgilduta, irudimenak hegan egin dezan uzten, eta zeruan aurki ditzakegun forma ezberdinei begira.
Ilargia argi eta garbi ikusten zen gau hartan, eta nire fantasiari bide irekia utzi nion... eta hau, noski, abian jarri zen.
Begiak itxi nituen, eta berriro irekitzean limusina baten barruan nindoala konturatu nintzen. Lehiatik begiratu nuen, eta... hura jende piloa!
Trajez jantzitako eta eskularru txuridun gizon batek atea ireki zidan. Alfonbra gorri baten gainean nengoen. “Tira, segi!” esan zidan. Eta nik, arrazoia jakin gabe, alfonbra zeharkatzen hasi nintzan, argazki kamaren flash-en zaparradaz gozatuz eta hainbeste neraberi sinadurak emanez.
Hau da artista askori gertatzen zaiena, duela urte batzuk “O.T. generazioa” sortu zuten haiei bezala, gauetik egunera ospe handia lortu zutela, eta Estatu osoa haien atzetik zegoela! Halako zerbait omen zen niri gertatzen ari zitzaidana. Ezin nuen sinetsi.
Alfonbraren bukaera gela erraldoi baten erdi-erdia zen. Bertan bi emakumek heldu ninduten, aulkian eseri eta ziztu bizian aurpegia margotzen hasi ziren. Belarri batean entzungailu bat jarri zidaten, eta berriro ere heldu, altxarazi, eta bultzada bat eman zidaten. Halakoan eszenetoki baten erdian nengoela konturatu nintzen. Ez zen posible!
Milaka eta milaka nerabe, neskak gehienak, txora-txora nire izena zuten kartelekin, eszenatorira loreak eta barruko erropa jaurtitzen zidaten... ezinezkoa zen!
Mikroa eskuan, abesten, dantzan... hasi nintzen, entzulegoak nirekin bat eginik abesten zuelarik. Hain irreala iruditzen zitzaidan egoera... baina hain gustura sentitzen nintzen entzulegoaren berotasunean murgildurik...
Izerdi patsetan nengoen, eta entzungailutik “Oso ondo. Agurtu zalegoa. Amaitu dugu!” entzun nuen. “Eskerrik asko! Gaur oso sentsazio bereziak eskeini dizkidazue!” esan eta eszenatokitik irten nintzen. Hasierako bi neskek berriro heldu ninduten, eta oraingoan ohe batean etzanarazi ninduten.
Alkandoraren botoiak askatu zizkidaten, eta eskuak bizkarrean mugitzen hasi ziren... hura zen lasaitasuna!
1, 2, 3, Josu, egun on!. Altzibar jauna zen. euskarako klasean geunden. “Hortaz legatza harrapatu... ba... horrek esan nahi du, mozkortu, atxurra harrapatu. Ez dakit beste herri batzuetan beste arrain batzuekin esaten den... bixigua... Josu, zu, eibartarra, klasean esna egonbehar da, eh? Eskola hauetara nahi duzulako etortzen zara.”
Barre algara
galanta sortu zen ikasgelan, kideek nire aurpegi lokartua ikustean... baina
haiek klasean egon ziren... eta bidai merkeena Bizkaibusean egingo zuten, 90
zentimo ordainduz. Ni, doan, unibertsoan, eta haiek, unibertsitatean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: