Santa Zezilia, ohore gure Zerutxotik
Egun ofizialarekin talka egingo dut ospakizunak direla eta. Berez asteazkenean da Santa Zezilia musikarion patroiaren eguna, baina musikari gehienok asteburu hau erabiliko dugu geure jai partikularra egiteko. Eibarren herrikoitasun handiena duen ekitaldia bihar gauerdiko kalejira izango da, Serenata, alegia. Ohiturari jarraituz, eibartarrek soziedadeetan afaltzen dute eta gauerdian Untzagan biltzen dira. Puntu-puntuan hasi ohi da Banda lehen pieza jotzen eta ttipi-ttapa Kalbetoi eta Bidebarrieta kaleak zeharkatzen ditu, azken honek Arikitzako Zubiarekin duen gurutzabidera iritsi arte. Berau igo eta berriro hasten gara musikariak soinuak aireratzen. Errebal, Julian Etxebarria eta azkenik Toribio Etxeberria zeharkatuz iristen gara berriro Untzaga Plazara.
Tartean, hainbat geldiune egiten ditugu. Atsedenaldirik ez, baina. Habanerak eta eibartarron bihotzetako beste kantu batzuk kaleratzen ditugu. Asko eta asko abestera ere animatzen dira. Lehen geldiunea Errebal eta San Agustin kaleen artean izaten da. Bertan kirioak dantzan jartzen zaizkigu bi kaleak gainezka ikustean. Cielitoren hasierako txalo zaparradak sortzen digun zirrara uholdea sentituko dugu berriro, eta Jokin Jauregi eta Gaizka Azketa tronpetistek berriro ere bere soinu goxoez gozatzeko aukera eskeiniko digute. Ez da atzean geratzen Ekhi Zugasti bere saxofoi altuarekin, ezta beste instrumentuetan dauden bakarlariak. Berriro ere zeru musikala argituko duten izarrak izango dira.
Baina Santa Zezilia ez da izar bakar batzuentzat egindako jaia. Musikari guztiok diztira atera nahi izaten diogu egun honetan gure tresnari, eta diztira bertatik kanporatzen dugun soinuari. Batek esan zuen Beethovenen musika zerutik jeisten zela, baina Mozartenak zerura igotzen zuela. Guk saiakera, behintzat, egingo dugu gure Zerutxotik Eibarrera musika jeisteko, bertatik entzuleak Zerutxo horretarantz hegan egin dezaten, hori da gure eguneroko ahalegina, kontzertuz kontzertu gure saiakera, eta urtetik urtera gogoan hartzen dugun filosofia, izenean ere daramagun filosofia: Zerutxo, Cielito.
Josu Mendicute
Cielito Musika Bandako kidea
Iruzkinak
Utzi iruzkina: