Kriterioak

josu 1456149891816 Josu | 2006-11-29 00:00

2005eko apirilean ikaskide birekin moskeatuta idatzi nuen hau, batxilergoko ikasle nintzela. Orduko dokumentuak begiratzen ari nintzela aurkitu dut, hor doa:

KRITERIOAK

Hamar eta erdiak izango dira gutxi gora behera, ezer egiten ez dugun horietako klase batean gaude. “Mendi, ves Homo Zapping?” eta nik “No.” erantzun diot.

Beste ikaskide batekin berba egiten ari zen horren aurretik. Neskak biak. Nire erantzunaren ondoren elkarri begiratu dira, eta begiratzeaz gain hitzen bat ere esan dio batak besteari. Ez dut entzun, baina ez da beharrezkoa izan haien burutik pasatzen ari zena jakiteko.

Neska hauen notak ikusi beharrekoak dira. 8tik gorakoak denak. Izugarrizko “enpoiadak” sartzen dituzte. Krak batzuk dira, ohorezko matrikula lortzeko borrokan ibiliko dira ziur aski laster, kurtsoa amaitzear dagoenean. Ni, beti bezela, 8aren ingurura hurbilduz... eta pozik.

Ez, nik ez dut “Homo Zapping”, “Gran Hermano” edo “Aquí hay tomate” ikusten. Oso ongi iruditzen zait nahi duenak ikus dezan, baina nik ez diet inongo deigarritasunik ikusten. Nahikoa dut albistegia eta pare bat programa gehiago ikustearekin. “Los Serrano” eta “Vaya Semanita”rekin osasuna mantentzeko barre dosi nahikoa lortzen dut, egunero albistegia ikustea gustatzen zait nire inguruan gertatzen dena jakiteko, eta ahal dudanean Goenkale ikustea gustatzen zait. Nire gustu telebisiboak patetikoak dira. Hori uste dute behintzat nire ikaskideek, Ernesto de Hanover (ez dakit nola idazten den) nor den ez dakidala esan eta “Joder Mendi, ¡el que siempre va borracho!, ¡que tienes que saber! Todo el mundo sabe quién es Ernesto de Hanover...”. Bai, Mendi. Kultura gabeko 18 urte beteberri dituen gazte hau badirudi beste mundu batean murgilduta bizi dela. Ematen du bere adineko jendearekin erlazionatzeko famatuen azken rollo eta atxurrez enteratu behar dela, eta politikak interesik sortzen ez diola adierazi berha duela.

 

Badirudi gero arraroa ni naizela jakitean Euskadin enpresa txiki eta ertainek irabazietatik %32,5a ordaintzen dutela, Espainian %35a denean. Arraroa naiz nire herriko jaiak eskasak iruditzean hauek biziberritzeko lanean hasteagatik. Arraroa naiz, hurrengo domekan hauteskundeak egonda, lehendakaritzarako hautagaiak nortzuk diren eta bakoitzak zein ideologia duen jakiteagatik. Eta zer esanik ez, arraroa naiz Bernardo Atxaga, Juan Mari Irigoien edo Xabier Mendigurenen izenak entzun eta nire burura euskal literatura datorkidalako, nahiz eta hauen libururik agian ez dudan irakurri edo gogoan ez izan.

Jo maja, agian gustu arraroak izango ditut, interes oso ez-ohizkoak (edo interes ez oso ohizkoak) 18 urte beteberri izateko, eta agian saltsa askotan sartuta nago gauzak aldatzeko gogoak bultzatuta, baina tia, neu be gaztia naiz, juergak botatzen ditxut eta zuk moduan lagunekin de puta madre pasatzen dot, baña lagaidazu pixkat telebista ikustean neure gustuek gida nazaten, eta ez behartu Estefania de Monakoren bizitza kontrolatzera zurekin elkarrizketa bat izan dezadan.

Arraroa? Bai, agian bai, baina telebista ikusteko neure kriterioei jarraituko diet, eta ez zure aurpegiak esaten didanari.


Utzi iruzkina: