Diskurtso txalogarria
Nabigatzen ari nintzela, Josu Erkorekaren diskurtso bat txalotzen zuen blog bat aurkitu nuen, 9 egilez osatutakoa.
Erkoreka EAJren ordezkaria da Espainiako Kongresuan, eta hitzaldia, 2004koa da, J.L. Rodríguez Zapatero Espainiako Gobernuko Lehendakari hautatu zutenekoa.
Gogoratzen dut aita eta biok sukaldeko telebistan ikusi genuela eta harriturik geratu ginela, ez baikenuen Erkoreka ezagutzen. Diskurtso paregabea iruditu zitzaigun. Ideiak alde batera utzita, ez dut hain diskurtso onik sekula entzun. Ondo egituratua, ideiak argi eta garbi azalduz, hitz-joko politak eginez... irakurtzeko, egin klik hemen (El Mundoren eskutik. Hurrengo irudia ere bertatik gureganatua).
Gaur egun politikari gehienek aspertu egiten gaituzte. Diskurtso bakar bat behin eta berriro berrerabiltzen dute (berrerabilpenaren aldeko politika ekologista al da?). Gutxi dira ganorazko diskurtsoak prestatzen dituzten politikariak. Eta gutxi, horretarako beharrezko gaitasuna eta errekurtsoak dituztenak.
EAJk zorte handia izan duela deritzot, Bermeoko politikari hau bere organigraman izatean. Iñaki Anasagastirekiko errespetua galdu barik, esan beharra dut atzetik etorri zaiona baino hoberik kostata aurkituko dutela jeltzaleek.
Josu Iñaki Erkoreka Gervasioren argazkia, congreso.es gunetik geureganatua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: