Askatasuna: indibiduala ala kolektiboa?
[Tierra y Libertad pelikula ikusi ondoren egindako gogoeta.
Irakurtzeko, gomendagarria lehenengo pelikula ikustea.]
Tierra y Libertad:
Askatasun indibiduala vs. Askatasun kolektiboa
Denoi gustatzen zaigu ahoa askatasun bezalako hitzez betetzea, askatasuna zein parametrotan bete behar dugun esaten ez dugun bitartean, eta are lehenago, askatasuna zer den definitu behar ez dugun bitartean. Zailtasunak handitzen doaz askatasuna hitz desiotsua errealitatean islatu nahi dugunean. Hitz abstraktua da, ez filologikoki bakarrik, baizik eta zentzu zabalenean. Bere inguruan abstrakzio maila handia dago eta denok ez dugu askatasun indibiduala eta kolektiboaren arteko mugak toki berean ezartzen. Tartean, ideiez gain, gure behar eta interesak jokoan sartzen dira, edo akaso, gure behar eta interes horiek oharkabean baldintzatzen dituzte gure ideia hauek. Baldintzapenak baldintzapen, kontua da askatasun indibidual eta kolektiboaren defentsa sutsu eta argi bateraturik ez dagoela, eta ausartuko nintzateke esatera ez dela egon pentsamendu politikoaren historian. Klase-kontzientzia hedatzen hastearekin batera langilegoak, eta oro har pribilegiatuak ez zirenak mugitzen hasi ziren eskubide eske, baina historia garaikidean mugimendu ezkertiarra sekula ez da eskumakoa bezain bateratua izan, eta gaur egungo mapa politikoari begiratuz gero, hori gertatzen da. Euskal Autonomi Erkidegoko alderdi esanguratsuen artean, bi baino ez dira eskumakoak, eta bere burua ezkerrekotzat definitzen dutenak, berriz, bost dira. Esan genezake euskal politikagintzak baduela nolabaiteko berezitasuna, baina Espainian ere ikus dezakegu eskuma PPn bateratuta eta ezkerra PSOE eta IUn banatuta -nahiz eta PSOEk bipartidismoaren defentsa sutsua egiten diharduen, Javier Ortiz kazetariak TVEren programa bat kritikatuz salatu duenez-. Gerra zibilean ere faxismoa baturik joan zen, eta errepublikaren aldekoak, berriz, bakoitza bere aldetik eta euren arteko liskarretan, pelikulan argi ikus daitekeenez.
Hala ere, Gerra Zibilean errepublikaren aldekoek izan zituzten barne-arazoetan askatasun indibidual eta kolektiboaren arteko dilema ere bazegoen, pelikulan argi islatzen den bezala. Askok ez zuten talde disziplinatua nahi, askatasun indibidualean oinarritutako miliziak baino. Faxisten taldean, berriz, ez zegoen halako liskarrik: obedientzia osoa zegoen eta kitto. Batxilergoan, Gizarte Zientzietako irakasleak esan zidan idealek ez dutela gerra irabazten, antolamendua eta disziplinaren ildoetatik ez bazihoazten, eta Errepublikari hori gertatu zitzaiola: kohesio eta disziplinarik gabe ezin izan ziola irabazi bere ahuleziak ez zituen taldeari.
Badaude, pelikulan, hainbat pasarte zeintzuetan milizian ere askatasun indibiduala estaltzeko saiakera egiten den. Adibidez milizianoren batek taldea uztea erabakitzen duenean, erantzuten zaio ezin duela hori egin, konpromezu bat duela. Bakoitza libre da milizian parte hartzeko, baina behin izena emanda, libre al da etxera itzultzeko? Talde batek, bere funtzionamendurako, bere kideen aldetik konpromezua eskatzen du. Konpromezu horren mugak noraino heldu behar diren erantzutea oso zaila da ikuspegi moral batetik, kideek izan ditzaketen ikuspegi anitzak kontuan hartuta. Horregatik, taldea osatzen denean zehaztea komeni izaten da. Hau muturreraino eraman izan da kasu askotan eta horren ondorioz gaur egun legeak jarraituz gidatzen ditugu gure harreman guztiak. Hortaz, askatasun indibiduala zein kolektiboa guztiz legeztaturik geratu da. Sentimentu eta pentsamenduak gehiengoz adostu eta paperean idatzirik behar ditugu, gaur egun, baliagarriak izateko.
Askatasun kolektiboa askatasun indibidualen eskaera bateratu moduan jaio zela esango nuke, eta hortaz, oinarrian norbanakoaren askatasuna errespetatu beharra dago kolektiboki ere hala izan dadin, arazoa da askatasun horien kontrako mehatxuei nola erantzun behar zaien.
Film honek erakusten digu nola batzuek uste zuten kolektiboarentzako askatasuna lortutakoan ezarri behar zela norbanakoaren askatasuna, eta beste batzuek alderantzizko bidea egin nahi izan zuten. Ez ziren konturatzen helburu bereko bi bideen arteko lehian, bi askatasunak galtzen zihardutela askatasunaren etsaiek bide bakarra zutelako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: