Odol beroa
Mutiko ona eta lasaia da. Gogoetarako joera duena. Gauzak arrazoitzen badakiena, eta bertzeen larrutan sartzen dakiena, edo gutienez, saiatu saiatzen dena. Bitxia egiten zait, baina, politikak aunitz erakarrita ere -eta politikan eragiten iaioa da gero!- ez diola politikak bere onetik ateratzen. Badaki eztabaida pausatua mantentzen politikaz ari denean (ezin dezaket beti gauza bera erran nik). Eta horren kontura aipamena egin zidan joan zen astean, politikaz eztabaidan berotu egiten naizela. Lehengo astean irratian izan nintzen tertulian. Eta onartuko dut, batzuetan sutu egiten naiz. Alderdi Popularreko ordezkari batekin izan nuen eztabaida, Euskal Herrian dagoen gatazka bakarra ETArena dela erran zidan, eta ezetz nik. Alferrik paratu nizkion mila eta bat adibide. Funtsean, aditu nahi ez duenak ez baitu kasu haundirik egiten!
Lagun honek, bada, aipatu zidan. Ezohiko tonua izan nuela. Sobera “politiko” jardun nintzela (ez politikoki zuzen). Ez naizela ni hain odol beroa. Gaur bueltan joan zaio nire partez. Haserre zegoen, eta gai berarekin jartzen da haserre beti: teknologia berrien erabilera ankerrarekin. Arrazoirik ez du falta, baina bere-berea duen mundu horretan -jaten ematen dion ogia baita- gauzak gaizki egiten direnean haserretu egiten da. Seguraski ni politikarekin bezala. Ulertuko dit horrela, akaso.
Eta bere gogoetak (arrazoirik ez zitzaion falta), niri ere eragin dit gogoeta (eta bidenabar ahantzi xamarra nuen blog hau elikatzeko bide eman). Aspertua gaude helbide guztiak bistan dituzten e-mailak jasotzeaz, pisu handiko artxiboak (windows-en menpean ibili beharra, gainera!) harat-honat ibiltzeaz, birusak eta spama zabaltzeko bideak irekitzeaz... eta batetz ere, eskatu gabeko mezuak jasotzeaz. Zeinen ohitura txarrak hartuak ditugun posta elektronikoarekin. Dohainik delakoan, debalde bidaltzen ditugu mezuak! Hau ez da etikoki zuzena. Hau ez da politikoki zuzena! Baina gustura hartu ez arren, honek ez nau odolberotzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: