SE JIE
Atzo zinemara joan arte ohikoa izaten den igande tentel horietako bat izatekoa zen niretzat, Errealak eta Athletic-ek larunbatean jokatu zuten (eta biek irabazi!), ondorioz ez neukan ezer berezirik egiteko, baina zinean film eder bat ikusiz konpondu zen eguna. Garai honetan ez da film on askorik izaten eta gutxiago Errenteriako zineman! (gai honek beste post baterako ematen du) Eta Antiguo Berri zinemetan Ang Lee-ren azken filma bertsio originalean ematen zutenez bertara joan ginen.
Pelikularen izena Se Jie (Mandarinez); Lust, Caution (Ingelesez); Deseo, Peligro (Espainieraz) da, eta 1938 eta 1942 artean japoniarrek okupaturiko Shangai eta Hong Kong-en kokatzen da. Bertan antzerki talde bateko kideek sentimendu nazionalistak jarraituz, urteekin zelula komunista bihurtuko direlarik, Txinako gobernu kolaborazionistako ministroetako bat (Yee jauna) hiltzea erabakitzen du, horretarako taldeko neska gazteena amu bezala erabiliz. Hortik sortuko den erlazioa, erotismo sakonez jantzia, izango da filmaren haria istorio tragiko honetan. Wong Chia Chi-k (Mai anderea) eszena gogor batean dioenak laburbiltzen du filma 'berak suge batek bezala nire bihotzera iristea lortu du, gogor eutsi dio eta kosk egin. Orain nire lana bere bihotzarekin berdina egitea da'.
Pelikula izugarri ona iruditu zait. Film klasikoen ikutua du eta estetikoki zirrara sortzen du. Bi aktore nagusien lanak benetan sinesgarria egiten du pertsonaien arteko erlazioa eta tentsio erotikoa. Zinema asiar hoberenak eman dizkigun eszena eta pasarte erotikoen mailara iristen diren eszenak daude, batzuk esplizituak eta besteak ez, baina azken hauek dira seguruenik film honetan emozioz kargatuen daudenak.
Informazio gehiago filmaren web orri ofizialean aurkitu daiteke, musika ere entzun daiteke bertan, gustatu zaidana ere. bestela trailerrak ikusgai daude Youtuben.
Laburbilduz, Wei Tang aktoreak bizitza ematen dion pelikulako protagonistaz maitemindurik atera nintzen zinetik, neskalagunari atera eta berehala aitortu nionez.
Iruzkinak
Luistxo 2008-01-15 08:26 #1
Neuri ere oso ona iruditu zitzaidan eta halaxe <a href="http://eibar.org/blogak/luistxo/archive/2008/01/09/desioa-arriskua-besteen-bizitza">idatzi nuen blogean</a>. Tony Leung gizonezko protagonista ere bikain dabil.<br>
Utzi iruzkina: