Eibar Eredu
Eibar Futbol Taldeak iaz lortu zuen Ligako Lehenengo mailara igotzea. Garaipena historikoa izan da: 2013.urtean Bigarrengo B mailan zegoen; ondoren, Bigarrengo A taldera igo zen; eta urte bat geroxeago, Lehenengo mailara. Meritua ez da makala izan. Eibar 27.000 biztanle dituen hiri txikia da, eta ligako aurrekonturik txikiena du (Eibar Futbol Elkarteak Messik urtean irabazten duenaren %4 kudeatzen du talde osorako).
Horrez gain, jarrera eredugarria du ekipoak. Ligan zorrik ez duen talde gutxi dago, eta Eibarrek kudeatzaile onenetarikoa dela frogatu du. Beraz, oso diru eta baliabide gutxirekin (ez dauka belar naturako zelairik entrenatzeko, eta belar artifizialeko futbol-zelaian entrenatu behar izaten du) talde handiekin lehiatzea lortu du. Arrakasta honen arrazoia ez datza diruan, jokalarien eta zaleen indarrean baizik. Askotan diruak egin ez dezakeenak, irmotasunak, gogoak, kemenak, adoreak egiten du.
Orografia ere ez da samurra izan Eibarrekin, oso aldapatsua eta estua baita. Horregatik, daukanarekin ahal duena egin behar izan du. Eibartarrek Ego iaia estali zuten eta aldapaz gora eraiki zituzten eraikin berriak. Zorionez, ilusioa, sortzaile-lana eta kemena soberan izan dituzte. Esaera zaharrak dioenez: “Ahal denean, dena; ezin denean, ahal dena”. Oraingoan “ahal dena” asko izan da.
Eibartarren harrotasuna eta indarra edozein arlotan nabaritzen da. Industrializazioa hasi baino lehen herri txikia zen eta, edonon gudak zeudenez, armagintza egin zuten bere industria nagusia. Tailer txiki ugari sortu ziren eta eskopetak, arkabuzak, mosketeak eta fusilak ekoizten hasi ziren.
Pentsaera praktiko horren ondorioz eta boterea herrira itzultzeko asmoz, une historiko eta eredugarri batzuk bizi izan ditu: hain zuzen ere, 1931ko apirilaren 13ko goizaldean Eibarrek II. Errepublika aldarrikatu zuen; aurrena izan zen estatu osoan. Bartzelonan Errepublika konfirmatu zutenean, eibartar guztiak gaur egun Untzaga izeneko plazan elkartu ziren, Alfonso XIII.aren izena handik kendu eta Plaza de la República izendatu zuten. Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo herria izateagatik, “Hiri Eredugarria” titulua jaso zuen Eibarrek. Hurrengo egunean, Alfonso XIII.ak bere tronoa utzi behar izan zuen.
Errepublikak 1937. urtera arte iraun zuen, Frankoren tropak herrira sartu ziren arte. Herria suntsitu zuten eta ehundaka hildako utzi zituzten. Baina eibartarrek garai berrietara egokitu behar izan zuten: herria berreraiki zuten eta lantegi berriak sortu zituzten, bertan sentimendu ekintzailea oso indartsua izan baita betidanik. Armagintzak lekua utzi zien makina-erramintari, automozioari eta bizikleta sektoreei, besteak beste.
Zailtasunaz zailtasun, beti lortu du bere burua berpiztea eta birasmatzea. Horixe bera da Eibarko Futbol Taldearen espiritua.
Primeran ere paper dexente egiten ari da, hamargarren postuan dago eta. Erakusten duten adorea nahikoa izango da kategoria mantentzeko. Dena dela, gu beti harro izango gara eibartarrak eta eibarzaleak izateaz.
P.D. Eibar Lehenengo mailara igo zenetik egun gutxitara Juan Carlos Lehenak abdikatu egin zuen. Esaera berriak dioen moduan: 10.000 eibartar Untzaga plazan biltzen garen bakoitzean… Borboi bat erortzen da! Zientifikoki frogatuta! Kar, kar, kar.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: