Eguraldiaren Kontrola
Txikitan telebista ikustea gustatzen zitzaidan, marrazkiak, batez ere. Eta marrazkien artean gustukoena Mazinger Z nuen. Protagonista mutiko gaztea zen, Koji. Bere aitona zientzialaria zen, eta hil baino lehen (Dr.Hellek hil zuen) bere bilobari kontatu zion bi robot izugarri eraiki zituela gaizkileen aurka borrokatzeko. Ordutik aurrera, Koji sartuko zen Mazinger Zren barruan eta makina gidatuko zuen. Sayaka (bere neska-laguna), aldiz, Afroditaren begiak eta burua izango zen. Koji eta Sayakaren laborategia askotan erasotzen zuten gaizkileek, baina, Mazinger eta Afrodita beti egoten ziren prest mundua salbatzeko.
Horrela pasatzen genituen egunak Kojiren gorabeherak jarraituz. Orain arte kontatutakoak ez du zerikusi handirik eguraldiarekin, beraz, jarrai dezagun.
Kontua da laborategia babesteko kupula izugarria altxatzen zutela. Kupula horri esker gaizkileen tiroek eta lehergailuek ezin zuten jendea zauritu.
Ildo beretik, aurreko udan Stephen Kingen“Kupula” izeneko liburua irakurri nuen. Herri txiki baten gainean kupula izugarria agertu da, eta protagonistak arduratuta daude nork jarri duen eta nola kenduko duten. Hauek ez daude oso pozik egoerarekin. Izan ere, ezin dira herritik irten, ez du euririk egiten, eta gainera, elikagaiak, ura eta oxigenoa agortzen ari zaizkie.
Kupulen gorabeherak konstantea izan dira nire ametsetan, izan ere, askotan pentsatu ohi dut bi kupula horietan. Lehenengo kasua, kendu daitekeena, askoz interesgarriagoa da. Espero dut behar ez izatea etsaien aurka babesteko, baina eguraldia kontrolatzeko bai, erabilgarri izan liteke.
Alde batetik, ez al litzateke ideia ona izango kupula jartzea euritik, hotzetik, haizetik edota sargoritik babesteko? Istripu eta osasun-arazo gutxiago leudeke. Energia gutxiago beharko genuke neguan etxeak berotzeko edo udan hozteko. Gainera, kaleak garbiago eta alaiago egongo lirateke eta aktibitate ekonomikoa bultzatuko luke.
Bestetik, alde txarrik ere ikusten diot. Lehenik, zein arduratuko da kupula noiz jarri behar den erabakitzeaz? Gure politikari maiteak? Gutxi batzuen interesak jarraituko lituzkete, kontu batzuetan egiten duten moduan. Bigarrenik, kupula garbi mantentzea garrantzitsua izango litzateke zeru urdina ikusteko, eta haratago pentsatuz, zer gertatuko luke publizitatea eskegitzen edo musika jartzen hasiko balira... zentro komertzial baten barruan egongo bagina bezala sentituko ginateke. Ideia hori ez da oso erakargarria.
Gobernuek, aseguru etxeek, ikerlariek... betidanik kontrolatu nahi izan dute eguraldia. Kupularena ez zaie oraindik bururatu, nonbait. Aitzitik, ikerlarien lana beste bide batzuetatik doa: Hasteko, Israel eta Palestinan ahalegin handiak egin dituzte basamortuak ortu bihurtzeko. Gauzak horrela, ura eramanda, gaur egun basamortuetan landareak, laranjondoak eta palmondoak hazten dituzte, eta hiriak ugaritu dira lehen antzuak ziren lurralde horietan.
Etorkizunean harrigarriagoak eta kezkagarriagoak direnak ikusiko ditugu. Izan ere, eguzki izpiak bideratuko dituzte behar ez diren lurraldeetatik (basamortuetatik) beharrrezkoak diren lurraldeetara (poloetara). Nola egingo duten oraindik ez dakigu, baina aditu batzuen ustean mikro-ispiluak jarriko dituzte atmosferan. Beste batzuek diote zilarrezko bonbardaketak isuriko dizkietela hodeiei euria sortzeko. Lurrean zuhaitz artifizialak jarriko dituzte kutsatzen den CO2a xurgatzeko. Eta itsasoetan burdina edo urea partikulak botako omen dituzte CO2a jango duen planktona sortzeko.
Aurreko kasuetan jendearen onerako egiten dituzte ikerketak, nonbait. Baina ez dugu ahaztu behar kaltea sortzeko ere erabil ditzaketela eguraldia kontrolatzeko teknikak. Etsaien lurraldeetan ekaitzak, tornadoak edo lurrikarak sortzeko teknikak ere ikertzen omen dituzte. Gure gobernariek gerrarako erabil ditzakete eguraldia kontrolatzeko teknika hauek, eta hori oso kezkagarria da.
Kasu honetan ere aurrerapenak atzerapenak direla pentsatzen dut. Pentsatzen hasita nago kupularena ez litzatekeela ideia onik izango…edo… auskalo! -niri ere maltzurkeria bat bururatzen zait noizbeinka -, Stephen Kingek asmatutako kupulari erabilera egokia eman geniezaioke. Hain zuzen ere, bururatzen ari zaizkidan zenbait politikari kupula horren azpian gorde genitzake gu bakean utz gaitzaten!!!
Iruzkinak
Joxe 2015-05-30 14:47 #1
<p>Bai Mazinger eta afrodita ikusten genituen, bai eta marraztu ere edo hartan saiatu ea nork ematen zion antzekotasun gehien, burbuilei buruz, boteretsuenek eteikina aterako liekete horri eta dagoeneko ari zaie etekina ateratzen nolabaiteko teknologi berrien burbuilari, denok mugikorrari begira gabiltza bazkalordutan, zinean, mezetan jeje, bikotekidea deklaratu nahian ari zaigunean edo berdin dio zenbat eta zenbat egoeratan burbuila sakon batean murgildurik bageunde lez, beste ezerk ajola ez baligu lez... hori azkenik ba da nahiko burbuila eta asko eta asko gu konturatu gabe kontrolatzen gaituena</p>
<p> </p>
Utzi iruzkina: