Charlie Hebdo. Errespetua ala askatasuna?

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-02-11 00:00

Umorearen izenean edozer gauzari buruz idaztea (edo margotzea) zilegi ote da?

Duela aste batzuk Charlie Hebdo Pariseko astekarian Islameko bi yihadista sartu ziren eta bertan lan egiten zuten 13 lagun hil egin zituzten. Aldizkari hau ezaguna izan da marrazki garratzak eta polemikoak margotzeagatik. Denok dakigunez, Islamak debekatzen du Mahoma irudikatzea, egia esan, edozer gauza marraztea, horrek idolatria susta dezakeela uste dutelako. Kasu honetan, gainera, marrazkiak karikaturak ziren, eta batzuek irudikatzen zuten Mahoma terroristaren plantak egiten eta beste askok larrua jotzen!. Gauzak horrela, Islameko terrorristak -yihadistak- sutan daude eta mendebaldeko herrialdeen kontrako kanpainiari berriro ekin diote.

Egia esan, astekari honek ez du bakarrik Islama irudikatzen, munduko gizatalde guztiak irudikatzen ditu. Kristauak, juduak, kapitalistak, errege-erreginak, dirudunak… munduko buruzagi eta boteretsu gehienak margotu ditu Charlie Hebdoneko luma garratzak.

Nire ustez, osasungarria da barre egitea, norberaz barre egitea, batez ere. Adierazpen askatasuna babestu behar da, nahiz eta batzuetan guri gustatzen ez zaizkigun adierazpenak izan. Kontua da mundua oso zabala dela, eta gainera, Internetek ez duela mugarik. Honekin zera esan nahi dut: edonon, edonoiz, norbaitek esango, pentsatuko eta idatziko ditu guk onartzen ez ditugun adierazpenak. Eta zer egin beharko dugu? Denon adierazpenak gaitzetsi? 

Besteen ustean, errespetu falta handia erakusten du aldizkari honek. Eliza katolikoak ere bere haserrea erakutsi du behin baino gehiagotan, eta zera esan du: “edozein adierazpen ez da zilegi umorearen izenean”. Honen harira ere, askok galdera hau egiten dute: zergatik da zilegi Jainkoen lepotik barre egitea eta ez gay-en edo beltzen lepotik? Zergatik babesten ditugu homosexualen eta beste arrazakoen eskubideak, besteak beste, eta ez erlijioenak?

Nire ustean, norberaren eskubideak babestu behar ditugu, homosexualak, ezinduak, ijitoak, beltzak, etorkinak, fededunak… horiek guztiek errespetua merezi dute pertsonak diren heinean. Jainkoen eskubideak zaintzea, ordea, zaila da, haien mundua hau ez delako, etorkizunekoa eta fededunen pentsamenduetako baizik.

Eta gehiago esango nuke, yihadisten aldarrikapenei kasu egiten badiegu, zer eskatuko dute hurrengoan? Adierazpen askatasuna ezin dugu txantajez trukatu, inolaz ere. Ez dugu ahaztu behar haien aldarrikapen asko emakumeen, ikasleen eta orohar pertsonen eskubideen aurkakoak direla.

Hori esanda, oso zaila da adierazpen askatasunaren eta errespetuaren arteko muga jartzea, eta bakoitzak leku desberdin batean jartzen du marra. Errespetuaren inguruan denok dauzkagu irizpide desberdinak eta denoi dagokigu errespetua zer den adostea eta errespetuaren maila igotzea.

Bestalde, nik uste dut arlo globala eta pribatua desberdindu behar ditugula. Hau da, munduan zehar aldizkari, irrati, eta hedabide ugari dago, Interneten egunero argitaratzen dira iritzi asko. Eta iritzi guztiekin ezin gara ados egon, ez dugu ados egon behar, eta aldizkari horiek ez ditugu erosi behar. Bakoitzak nahi duena pentsa, sines eta eros dezala. Gustuko ez ditugun irizpideei ez diegu kasurik egin behar.

Arlo pribatuan, aldiz, denok dakigu zer egin behar dugun gure ingurukoekin harreman ona izateko. Denok dakigu zeri buruz hitz egin behar dugun fededun diren lagunekin, eta zeri buruz ez hitz egin ere badakigu. Norberaren moralak bidea erakutsi behar digu homosexualak, etorkinak, desberdinak, ezinduak, gutxiengoak eta fededunak errespetuz hartzeko.


Utzi iruzkina: