Transcatalunya 2013
Goizean atera naiz Bartzelonatik Capellades aldera joateko. Une honetan sekulako euri jasa botatzen ari da. Kaleak urez beteta daude eta autopistan poliki-poliki goaz ez baita ezer ikusten. Hau ikusita nire kezka areagotu egin da. Eguraldi iragarpenak txarrak dira eta lokatzarekin
Aurten ere, 2012ko Transcatalunyan bezala, bazkal ondoan joan gara La Molina eski estazioko kontzentrazio lekura. Marti lagunaren semeak eraman gaitu bertara eta bidean ez digu euririk egin. Parte hartzaileak iristen ari dira eta ez dugu beste gairik: biharko eguraldia eta lokatza. Horren arabera aukeratu behar da zelako arropa eraman.
Afal aurretik briefing edo antolatzaileek eskainitako azalpen hitzaldia ibilbideari buruz. Arropa asko eramateko esan digute, behin eta berriz, hipotermiak izateko arriskua dagoelako. Terlefonoak ere aldean eramatea eskatzen dute norbait galdu edo arriskuan badago deitzeko. Nik uste gehiegizkoa dela hau guztia, baina beraiek ardura kendu nahi dute gainetik.
Ondoren afaldu eta laster ohera goaz. Igandean goizeko 3:30eta hasten da jendea mugitzen eta 4:00etan gosaltzen gaude. Eguraldiak ez du egin txarrera behintzat. Badirudi gauean ez duela euririk egin eta hotz egiten badu ere ez da hainbesterakoa. Hau ikusirik mailot manga motza, lifa kamiseta bat, praka motzak eta mangitoekin nahikoa dela iruditzen zait. Haizean jotzen badu txalekoa eta euria egiten badu txubaskero mehea poltsikoan.
Ia denek arropa gehiago daramate eta azken minutuan motxila zabaldu eta beste mailot manga luzea hartzea erabaki dut. Beste guztia motxilan satu eta antolatzaileen furgonetan doa Bartzelonara. Goizeko bostak dira eta eman dute hasiera. Aldapaz gora da eta ez da hotzik antzematen. Kotean argiak daramatzagu bidea ikusteko edota aurrekoarekin talka ez egiteko. Mendatea errepidez igotzen dugu eta gaina hartu ondoren pistan zehar goaz. Aldapa gogortu da eta une batzuetan bizikleta eskuan hartu eta bultza egin beharra daukagu. Elur markak ikusten dira bide ertzean eta laino itxia lanbru bihurtzen da.
Ez noa batere ondo. Estrainakoz, sentsazio txarrak sentitzen ditut. Badirudi gosariak ez didala onik egin eta kostata noa, sufritzen. Irten aurretik ezin izan dut kaka egin eta horrena dela iruditzen zait. Gelditzea pentsatzen ari naiz baina goian kriston hotza eta haizea egiten du eta, arropak kendu behar ditudanez, behera egitea erabaki dut. Jeitsiera gogorra eta arriskutsua da. Hasieran bertan lurrean ikusi dut bat bizikleta hiru zatitan puskatuta. Dirudienez katea jo du aurrez aurre. Ez noa arriskurik hartzera jaitsieran eta Marti eta besteak atzetik datozenez lasai egin dut jaitsiera.
Behean lehenengo kontrolean gelditu gara baina ez dut jateko gogorik eta ezer hartu gabe aurrera egin dut lagunekin batera. Laster hasi gara igotzen hurrengo mendatea. Nire gorputza ez dator onera eta ezinean noa. Horrela ezin dut jarraitu. Aurrea hartu diet lagunei eta leku aproposa aurkitu dudanean basoan sartu naiz barrenak hustutzera. A ze lasaitua! Bitartean Marti, Pep eta Eva pasa dira eta atzetik aurrera egin behar dut, baina ziztu bizian atera naiz eta laster harrapatu ditut. Igartzen da arinago noala.
Kilometroak aurrera egin ahala beste arazo batekin aurkitu naiz. Belaunaren atzealdean mina sentitzen hasi naiz 80. kilometrorako. Hasieran ez diot eman garrantzirik baina gero eta gehiagora joan da eta kezkatzen hasi naiz. Beste 100 km falta diranez luze egingo zaidala uste dut. Zoritxarrez hala izan da eta oso minberatuta daukat azken kontrolean, Bartzelonako sarreran. Hamar km. Besterik ez dira falta baina, iaz ez bezala, Collserola mendian zehar Tibidabora igo behar dugu, handik Hortako belodromoan bukatzeko. Seiko taldea osatu dugu azken zatian eta elkarrekin goaz baina denok ere nahiko jota. Kostata baina halako batean iritsi gara 21:30etan. Iaz 15 ordu eta laurdenean bukatu genuen. Aurten 16 ordu t'erdi iraun du gure saioak. Poza eta nekea nahasturik. Galdera bera gehienok: merezi al du? Ez dut erantzun nahi orain. Hobe biharko utzi.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: