Transcatalunya 2012

Alberto Ibiltarixanak | 2012-06-09 13:53

Iritsi da eguna. Bihar, goizeko 05:00etan aterako gara aurtengo Transcatalunya mendi biziletaz egitera. Proba hau La Molina eski estazioan hasi eta Bartzelonan bukatuko da. Gogorra da egun batean egiteko, baina 17 ordu ditugu bukatzeko eta egingo dugun itxaropenarekin goaz.
Proba hau egiteko bizikleta berria estreinatuko dut. Ez da egun egokiena horretarako, baina beste erremediorik ez nuen.  Aurreko asteburuan matxura izan nuen eta bizikleta aldatzea erabaki nuen, Ciclos Urrestilla dendako Ibaik eskaintza egokia egin zidan-eta. Scott markako Spark 35 modeloa da eta suspentsio bikoitza du, baina bi plater besterik ez ditu eta horrek kezkatzen nau, nahikoa ez ote dudalakoan nago. Espero dut hala ez izatea eta laster ohitzea.
Gaur aterako gara, Martí nire lagun katalana eta biok, Pirinio aldera, irteerara. Han afaldu, lotara joan eta bihar goizean goizeko 04:00etan daukagu gosaria. Han elkartuko gara beste bi lagunekin eta laurok egingo dugu proba osoa elkarrekin. Dena ondo badoa, iluntzean, iritsiko gara Bartzelonako hondartzara, helmugara.
Nire dortsala 313a da eta superstiziosoa ez banaiz ere gustatzen zait zenbakia.
Astelehenean kontatuko dut esperientzia gogor hau nola joan zaigun.


Utzi iruzkina: