TA 8. etapa: Valverde-Sanlucar (127 Km)
Valverdeko irteeran Uraren errota deitzen den bide berdea hartu dugu Trigueros herrira arte (27 Km). Ibilbidea pinadietatik zehar doa, N-435 errepidearen ondotik. Poliki-poliki pinadiak desagertuz doaz eta landa zabalean sartu gara: olibondoak, almendrondoak, frutarbolak eta lehorreko lurrak agertu zaizkigu bidean. Trigueros zeharkatu eta bide berde beretik jarraitu dugu zati batean.
Abiadura azkarrean goaz eta ziztu bizian iritsi gara Moger herrira. hau zeharkatzean, bidegurutze batean auto bat gainera etorri zait eta bera ez jotzeagatik lurrera erori naiz bordilloa bizkarrarekin joz. Kolpe latza bizkarrean eta zaintiratua operatutako hankan. Errua nirea da berak zuelako lehentasuna. Jeiki eta amorruaren amorruz alde egin dut bertatik toki txarrean nago eta. Marti sinestu ezinik dator atzetik zelan nagoen galdetuz. Ez nago ondo eta beldur naiz hotzean geizkiago izango dudala bizkarra. Harritzekoa bada ere handik ordu pare batera ez dut ezer sentitzen zorionez.
Pinadietan zehar goaz pista eta bidezidorretatik. Ez da erraza ibilbidea asmatzea baina GPSaren trakari jarraituz ez daukagu inongo arazorik. Aurrerago bizikleten bidetik goaz Doñanako parkera gerturatuz. Abiadura azkarrean jarraitzen dugu itsasertzera iritsi eta hondartza luzea zeharkatzeko asmoz. Errepidearen ondotik goaz eta errepidea zeharkatzea agintzen digu GPSak baina hesiak ez digu uzten. Aurrera eta atzera egin arren ez dugu aurkitzen pasabidea. Halako batean hesia puskatuta ikusi dugu eta handik pasa dugu errepidea zeharkatuz azpiko tuneletik. Kardulatzez josita dago lurra eta beldur gara zulaturen bat izateko arriskuaz. Bestaldean ere hesiaren zuloa zeharkatu eta Doñanako kanpinaren atean gaude ibilbidea jarraitzeko prest. Ehun metro egin baino lehen Martiren txistuek geldiarazi naute. Ez nau jarraitzen eta kezkatu egin naiz. Atzera egin eta han aurkitu dut gurpilari begira. Zulatua izan du eta bzizkleta erruberaz gora jarri eta hasi gara konponketa lanetan. Oraingoan bera harrapatun dut jokuz kanpo. Ordezko kamara zulatuta eta nik eman behar izan diot nirea. adarra joteko arraoi badaukat orain. Behin eta berriz gogoratzen diot farrez. Orain bera da kabreatu dena. Izurrai!
Denbora dexente galdu dugu eta berriz topera goaz Matalascañas herrian sartu arte. Hemengo urbanizazio fantasmak hutsik daude garai honetan eta erdigunera jo dugu denda edo zerbait aurkitu asmoz. Zorteko gaude. Frutadenda batekin topo egin dugu eta edariak eta fruta eskuratu egarria asetzeko. Uste baino lehenago iritsi gara 14:30ak dira eta. Dagoeneko 95 Km egin ditugu. Ondoan tabernatxo bat dago eta bertan bazkaldu dugu. Itsasbehera arratsaldeko bostetan hasten da eta lasai ibili gintezke. Bazkalondoan hondartzara joan gara eta oraindik goizegi denez kafea/tea hartu dugu bertako txiringitoan.
Orain itsasertza zeharkatzea da gure kezka. Aurrean 30 kmko hondartza daukagu eta gero txalupaz pasa behar dugu Guadalquivir erriua, Sanlucar de Barrameda herrira iristeko. Txalupadunaren telefono-zkia liburuan daukagu eta deitu egin diot jakiteko noiz egiten duen azken bidaia. Bere iritziz 21:00ak aldera arte han izango da eta piskat lasaitu gaitu.
Arratsaldeko 17:30etan hasi gara pedalei eragiten. Hasieran ez zaigu erraza egiten eta motel goaz. Itsasbehera 15:30etan hasi da eta oraindik kosta egiten da bizikletaz ibiltzea. Baina aurrera egin ahala errazago goaz eta azkarrago ere bai, noski. Ingurua ikusgarria da eta egoera harrigarria: bi lagun bizikletaz eta beste inor ere ez. Ez aurretik, ez atzetik. Erdia inguru egin dugunean bainu bat hartu dut larrutsik Atlantikoan. Aurrerantzean azkarrago goaz hondartza lehorragoa dagoelako. Azkenean, haizea alde dugunez ia 20 Km/h abiaduran.
Hondartzako ibilbide hau ez da erraza kontatzea. Bakardadea, lasaitasuna, askatasuna,...hau bizi egin behar da. Doñanako parke naturalaren ertzean goaz eta lau hankako basurdea ikusi dugu itsaertzean bainua hartzen. Sanlucar daukagu aurrez-aurre, Azkenera iristear gaude eta txaluparik ez dugu ikusten. Txalupadunari deitu diot eta ikusten gaituela esan dit; gutxi falta zaigula. Aurrera segi eta txaluparik ez. Halako batean telefonoa jotzen ari da. Hartu dudanean: "A donde vai? Que vai a hundir en el fango". Gehegi aurreratu gara eta txalupa bestaldetik dator. Eskerrak teknologiari, txalupadunak lokalizatu gaitu. Bestela hor goaz Guadalquivir ertzetik goraino. Txalupara igo eta beste aldera. Amaitu da gaurko ibilbide zoragarria.
Sanlucarrera sartu eta jende ugari. Maiatzeko feria gaur hasi da eta kaleak beteta daude. Ostatuagatik galdetu diogu udaltzainari eta aurrera bidali digu. Nahi gabe Barrameda hotelarekin topo egin dugu. Nekatuta gaude eta ez dugu bueltaka ibili nahi. Lehenengo ez dagoela tokirik esan digu harrerakoak, baina nagusiak entzun duenean bi suite eman dizkigu, jakuzzi eta guzti, bakoitza 45 eurotan, gosaria barne. Kriston zortea. Gaur merezita daukagu.
Bainu eder bana hartu eta afaltzera kalera. Kalean feriako gunera hurbildu orduko Andaluziako kulturan murgildu gara. Hauek feria nola bizi duten ikusteko parada ederra. Jan eta edan: langostinoak, peskaitos, manzanilla...azkenean albokargakin ohera. Ohe gainean lo seko gelditu naiz ordenadorea eskuan dudala. Gabon. Bihar biharkoak.
Iruzkinak
karmele 2014-06-06 19:31 #1
<p>ze argazki polita dira playakuak</p>
Utzi iruzkina: