Pirineoan udazkenean Juliorekin
Urriaren 19tik 26ra Pirineo katalanean izan naiz Julio Villarekin. Aurrez ere askotan izan naiz Juliorekin mendian baina, niretzat eta lehengo mendizaleentzat mitoa bada ere, gaurko gazteentzat ez da oso ezaguna. Julioren dohaiak azaltzea ez badagokit ere esan dezadan Ekaitz Agirre kazetariak Berrian zioena:
Mendizale klasikoaren adibide garbiena da Julio. Pirineotan eta Alpeetan eskalatzen itzal handiko bideak egin ondoren Alpeetan eten zen Bere mendi ibilia. Mont Blancen hanka hautsi zuen eskalatzen ari zela. Parentesi baten ondoren menditik itsarorako urratsa egin zuen eta munduari bira emateko abenturari ekin zion Mistral bere belaontzian. Bost urte iraun zuen etenaldi horrek eta, ondoren, berriz mendira itzuli zen.
Everest euskal espedizioan ere hartu zuen parte baina, geroztik, beste mota bateko mendizaletasuna da berea. Apala, ez hain ausarta, baina jatorragoa edo konprometituagoa. Julio Villar nomada bat da. Ez du hotelen edo aterpetxeen erosotasunik bilatzen eta lurrean lo egiten jarraitzen du izarren begiradapean. Hala ere, ez du bide hori jarraitu besteek baino ausartagoa delako, ez. Garbiagoa, sanoagoa, libreagoa delako baizik. Egungo hitzetan, ekologistagoa delako.
Hamar laguneko taldea ibili gara Pirineoan zehar. Gironako Tortella herrian hasi eta Nou de Berguedan bukatu genuen ibilaldia. Garrotxa goiena eta Ripollesen zehar, Balandrau eta Puigmal mendien begidarapean, paraje zoragarriak zeharkatu ditugu. Oix, Camprodon, Ribes de Freser, Pobla de Lillet herrietaz baliatu gara janaria erosi eta motxila arintzeko.
Egun osoan ibili gara bazkaltzeko etenaldia eginaz. Goizean eguna argitzetik iluntziraino hamar orduko ibilian. Eguraldia bikainarekin, gauero kanpoan afaldu eta lo egiteko aukera izan dugu. Mendiak ez dira izan oso garaiak baina 2.000 metroko gailurrak gainditu ditugu.
Pentsio erdia hartuta mila izarreko hoteletan egin dugu lo. Afarietan Julion errezetak erabili ditugu eta astea bikaina izan da gastronomia aldetik ere: Kipula-zopa, oilasko-paella, perretxiku tortilla, etab. Katalunia iparrean egonda ez dira falta izan butifarrak eta llonganisa. Goserik behintzat ez dugu pasa.
Taldeko giroa ere bikaina izan da. Denok batera, artaldea beti artzaiaren atzetik, txakurraren beharrik gabe. Artzantza kontuetan Pelik du esperientzia eta honek ere ez du txakurrik. Sekretua da artzaiak ardiak ondo ezagutzea eta artzaiaren aginduak betetzen jakitea. Ez zaigu zaila gertatu inoiz.
Kataluinan zehar ibili garenez, senyerak nonnahi ikusi ditugu, bai herrietan eta bai gailurretan. Orain dela bost urte ez zen ikusten hainbeste senyera, baina orain alde guztietan agertzen dira independentziaren ikurrak. Mendiak ere horren lekuko dira.
Astea gogoratzeko modukoa izan da eta ez ditugu erraz ahaztuko zeharkatutako haranak eta parajeak. Udazkenaren kolore anitzak gure begien ninietan gelditu zaizkigu txertatuta. Ondoko argazkietan ikus ditzakegu aste osoko ibiliaren lekukotza.
Iruzkinak
gk 2013-11-06 23:16 #1
<p>Artista! ederrak benetan, koloreak izugarriak... pausa gabeko ibilandi pausatua dirudi</p>
Utzi iruzkina: