Murugarren

Alberto Ibiltarixanak | 2013-04-21 00:00

Asteburuan Lizarra inguruan ibili gara. Aspaldiko partez, familia osoa izan gara eta poztekoa da. Ostiralean Lizarran zehar buelta bat eman ondoren Murugarren herri txiki eta politean dagoen Baquedano etxean hartu dugu ostatu. Etxea oso polita eta lasaia da eta oso gustura egon gara bertan.

Larunbatean Urederra ibaiaren iturburura joan gara. Ibilbide osoan ura gainezka eta zuhaitzak ugari. Garai honetan ur asko dago eta indartsu jaisten da, murmurioak belarria zulatzeraino. Udaberria bizi-bizi ikus daiteke han inguru guztia berdez margotuta baitago. Ingurua zoragarria da eta merezi du benetan hara joateak, baina asteburuetan joanez gero ez pentsa bakarrik egongo zaretenik. Eguraldi onarekin ehunka lagunek erabakitzen du hara joatea eta gogoan hartu joan baino lehen. 

Arratsaldean Lizarrara joan gara kaleetan barrena ibiltzera. Plaza zeharkatzean Pello eta Isabel lagun elgoibartarrekin egin dugu topo eta haiek izan dira gure gidari. Afaria Lezaun upategian egin dugu Pelloren gomendioa jarraituz. Azkarregi joan garela-eta, 21:00etan upategiaren bisitari ekin diogu Santosen gidaritzapean. Ondoren, afaltzeko ordua iritsi da eta jaki goxoak eta ondo prestatuak dastatu ditugu. Upategi ekologikoa izan arren, ardoa ez da gure gustukoa izan. Nolanahi ere, merezi du bertara joateak, baina asteburuetan izan behar da.

Igandean Ubagua ibaiaren ertzetik joan gara Errezu eta Lezaun herriak lotuz. Ibilbide hau ere ederra da eta hemen ez dago Urederrako jendatzarik. Ur asko egonez gero bidea ere erreka bihurtzen da eta arrantzarako botak eramatea hobe da. Hala ere, nahiz eta ur garaia izan, ez dugu zailtasunik izan ibilbide osoa egiteko.

Ondoren, Gares herrira joan gara kaleetan zehar ibili eta zerbait jatera. Herriko plazan eguzkitan eserita bazkaldu dugu, erromesen artean. Arratsaldean, Eunateko eliza erromanikoa ikusi ondoren, etxerako bidea hartu dugu. Eguraldi ederrarekin asteburu luzea ondo aprobetxatu dugu.


Utzi iruzkina: